Xakelariek hartu zuten atzo goizean Azkoitiko Elkarguneko Herriko Plaza aretoa. 89 jokalarik parte hartu zuten, azkenean, Anaitasuna Kakute klubak antolatutako XXIV. San Andres Txapelketan, eta Nafarroara joan zen txapela. Mikel Huerga (Oberena Iruñea) nagusitu zen, eta David Astasiok (San Viator Gasteiz) eta eta Luis David Jimenezek (San Juan Iruñea) osatu zuten podiuma, bigarren eta hirugarren postuetan sailkatuta, hurrenez hurren. Nazioarteko Maisua da Huerga, eta Fide Maisua, berriz, Astasio.
Ehun xakelarik zuten izena emanda sanandresetako urteroko hitzordurako, baina batzuk ez ziren garaiz iritsi, eta beste batzuek ez zuten parte hartu; txapela janzteko hautagai nagusia zen Enrique Tejedor, esaterako, ez zen lehen txanda jokatzeko garaiz iritsi, eta hor galdu zituen irabazteko aukera guztiak.
Hector Sanchez izan zen azkoitiarrk onena sailkapen nagusian; zortzigarren postua eskuratu zuen Anaitasuna Kakutekoak, irabazlearengandik puntu eta erdira. Aipagarria izan zen, halaber, Juan Carlos Valorren lana, 1.800 ELO puntu zituztenen arteko sailkapenean onena izan baitzen azkoitiarra. Emakumeen sailkapenean ere azkoitiarrak izan ziren nagusi: Judith Goenagarentzat izan zen lehen postua, eta Lucia Valorrentzat bigarrena.
Hona hemen, atzoko txapelketaren argazki batzuk: