Euriak euri, festa nagusi Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 30a

Eguraldi petrala egin du gaur eguerdi partean Azkoitian, baina horrek ez du zapustu festa. Hain zuzen ere, ehunka herritar atera da kalera San Andres egunez, bai txorizoa nahiz taloa dastatzera, bai ekitaldiez gozatzera.

Goizean kalejira egin dute dultzaineroek, trikitilariek nahiz txistulariek, eta gainera, gaztetxoen artean hain entzutetsua den marrazki lehiaketa ere egin dute. 800 haurrek parte hartu dute Txuri Urdin elkarteak antolatzen duen 38. edizioan, eta sari banaketa ekitaldia eguerdian gauzatu dute plazan muntatuta dagoen agertokian.

12:30ean, berriz, herri kirol jaialdia eskaini du hainbat kirolarik. Ikusmina piztu du erakustaldiak, dozenaka lagun izan baitira hura ikusten plazan.

Ekitaldi guztiak euritan egin dituzte, baina herritarrek festarako gogoz direla erakutsi dute. Gainera, eguraldi makurra eginagatik, asko eta asko izan dira kalera baserritar jantzia eta abarkak jantzita atera diren lagunak.

Arratsaldean segituko du festak. Betseak beste, Kontzejupe Pilota Sariaren finalak, Korrontzi eta Oinkari taldeen emanaldia eta San Andres Idi Dema Saria izango dira datozen orduetan.

Korrontzi, Baztartxon

Korrotzi musika taldeak eta Oinkari dantza taldeak 21:30ean hasita eskaini behar duten emanaldia Baztartxo antzokian izango da. Eguraldi kaskarra tarteko hartu du Udalak saioa lekuz aldatzeko erabakia. Herritar orok izango du ikuskizunera joateko aukera, eta sarrera doakoa izango da.

Hona hemen, gaur eguerdiko irudi batzuk:

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide