Beste urte batez, giro bikaina sortu zen Azkoitiko helduen danborradan atzo, larunbata. Eguraldi txarra zegoen iragarrita, eta iluntze osoan zehar zaparrada mardulak bota zituen arren, danborradak ohiko ibilbidea egin zuen. 22:00etan hasita, ehunka herritarrek gelditu gabe astindu zituzten danborrak. Gurea pilotalekuan elkartu ziren talde guztiak, eta ondoren, plazan jo zituzten lehen kantuak; gero, Balda plazara joan ziren, eta han beste abesti batzuk jo zituzten; handik Julio Urkixorako bidea hartu zuten, eta bertan, edariak hartzeko tartea ere izan zuten; azkenik, gauerdia baino minutu batzuk lehenago, plazan batu ziren berriro danborradako talde guztiak, eta abesti guztiak jo zituzten bertan.
Iaz bezala, hamar talde atera ziren danborradan: Aldapa gazte taldea, Ixkitturri elkarte gastronomikoa, Udalaren taldea, pilotarien taldea, euskal presoen eskubideen aldeko taldea, Txintxarri gazte taldea, eta Floreaga eta Xabier Munibe ikastetxeetako bina talde.
Hona hemen 2019ko Azkoitiko danborradako argazki bilduma:
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)
[flickr_set id="72157711912136052"]