Jai giroan murgiltzeko prest dira Azkoitian. Izan ere, ohi bezala, San Andres egunaren bueltan, askotariko ekintzak prestatu dituzte. Helduen danborrada izaten da sasoi honetako hitzordu nagusienetako bat, eta azkoitiarrak prest daude dagoeneko danborrak eta barrikak atabalekin astintzeko.
Bihar, 22:00etan hasita egingo dute danborrada. Aurtengoan, ez da berrikuntza nabarmenik izango, iaz bezala, hamar taldek parte hartuko baitute aurtengo danbor festan. Honako talde hauek dira parte hartuko dutenak: iaz estreinatu zen Aldapa gazte taldea, Ixkitturri elkarte gastronomikoa, udalaren taldea, pilotarien taldea, euskal presoen eskubideen aldeko taldea, Txintxarri gazte taldea, eta Floreaga eta Xabier Munibe ikastetxeetako bina talde.
Ibilbidea ere ohikoa izango da. Azkoitiko Udalak, badaezpada, bi ibilbide prestatu ditu: normalean, ibilbide luzea egiten dute danbor-jotzaileek, baina "oso-oso eguraldi txarra" baldin bada, motza. Biharko euria dago iragarrita, baina antolatzaileek azaldu dutenez, ibilbide luzea egiteko asmoa dute. "Txingorra, euri asko eta hotz handia egiten duenean bakarrik egiten dugu ibilbide motza", adierazi dute.
Beraz, dena ondo joaten baldin bada, honako ibilbide hau egingo dute biharko danborradako partaideek: 22:00etan Gurea pilotalekuan elkartuko dira, eta plazara joango dira –han hiru abesti joko dituzte–; gero, Balda plazan elkartuko dira, eta han beste abesti batzuk joko dituzte; handik Julio Urkixorako bidea hartuko dute –han edariak hartzeko tartea izango dute, eta San Sebastian Martxa joko dute–; eta amaitzeko, plazara joango dira berriro danborradako talde guztiak. 00:00etan plazan elkartuko dira denak, eta abesti guztiak joko dituzte bertan.
Ekitaldia bukatzean, ibilbidea hasitako leku berean elkartuko dira atzera berriro partaide guztiak: Gurea pilotalekuan. Bertan, ohitura bilakatu den moduan, edariak eta txokolate beroa izango dituzte danbor-jotzaileek dastatazeko.
Lasterketarako dena prest
Danborrada ez ezik, Azkoitiko XV. Herri Lasterketa ere egingo dute bihar, Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton kirol elkarteak antolatuta. Atzora arte, 160 lagun inguru zeuden izena emanda hamar kilometroko proban parte hartzeko, baina izena emateko epea zabalik dute lasterketaren egunera arte.
Proba 16:30ean hasiko da, eta irteera eta helmuga Azkoitiko plazan izango dira. 350 korrikalarik eman dezakete izena lasterketan, baina animatzen direnek oraindik ere badute horretarako aukera.
Izena emandakoen artean dira iazko bi irabazleak: Imanol Larrañaga eta Garazi Sampedro. Aurten ere helmugara iristen diren lehen hiru gizonek eta emakumeek jasoko dituzte sariak; zozketak ere egingo dituzte parte hartzaile guztien artean. Halaber, lasterkari guztiek herri lasterketako poltsa bana jasoko dute, eta antolatzaileen arabera, "poltsa ona" izango da aurtengoa.
Proban izena eman nahi dutenek bi modu dituzte horretarako: Zubiaurre Elkargunera joatea edo herrikrosa.eus webgunean sartzea. Gaur gauerdira arteko epea izango dute aurrez izena eman nahi duten korrikalariek, eta horiek hamar euro ordaindu beharko dute izen-ematea. Lasterketaren egunean bertan ere izango da inskribatzeko aukera, baina egun horretan, hamabost euro ordaindu beharko da. Proba hasi baino ordu erdi lehenago itxiko dute izena emateko epea, eta beraz, korrikalariek 14:30etik 16:00etara bitartean eman ahal izango dute izena bihar.
Dortsalak jasotzeko mahaia ere 14:30ean irekiko dute bihar. Lasterketan parte hartzeko 16 urte izan behar dira gutxienez, 2019ko azaroaren 24an baino lehen beteak. Antolatzaileek eskatu dute aurrez izena emandakoek probaren bezperan parte hartzaileen zerrendan beren izena jasota al dagoen ziurtatzeko.
Bestalako ekintzak
Danborradaz eta herri lasterketaz gain, beste hainbat ekintza ere izango da Azkoitian. Hasteko, Mata Market bigarren eskuko arropen azoka eta artisautza azoka izango da Matadeixen. 12:00etatik 18:00etara bitartean, askotariko produktuak erosteko aukera izango da bertan. Musikaz gozatzeko parada ere edukiko dute Matadeira joaten direnek, Dooteo musika-jartzaileak girotuko baitu eguna. Arratsaldean, berriz, Iagomago magoak ikuskizuna eskainiko du; eta bestetik, egun osoan zehar umeentzat tailer irekia izango da.
Horrez gain, festa eta lehia uztartuko dira Zubiaurre Igeri Elkarteak urtero antolatzen duen San Andres Igeri Sarian, igerilekuan. 15:00etan hasiko da ekitaldia, gaztetxoentzat prestatutako ur-jolasekin; horren ostean, berriz, igeriketa probak hasiko dira, 16:00etatik aurrera. Urtero bezala, Azpeitiko Izarraitz Igeriketa Elkarteko kideak ere sariketan izango dira.
18:00etan hasita dantzazaleentzako hitzordua izango da, Azkoitiko Udal Musika Bandak, Iraurgi abesbatzak eta Sahatsa dantza taldeak Pirinioen magalean ikuskizuna eskainiko baitute, Baztartxo antzokian. Pirinioen bi aldeetan mugituko dira emanaldia eskaintzeko, eta Euskal Herriko hainbat txokotako dantzak eta musika taularatuko dituzte bertan.
Larunbatekoak ez dira izango asteburuko ekitaldi bakarrak. Igande goizean goizetik hasita askotariko ekintzak egingo baitituzte herrian. Batetik, Azkoitiko baserrietako produktuen azoka jarriko dute plazan, eta herriko produktuak erosteko aukera izango dute herritarrek bertan, 09:00etan hasita. Baserritarrena ez da izango igandeko azoka bakarra, Garapenean Bidelagun taldeak antolatuta azoka solidarioa izango baita. ACOES, Behar Bidasoa, Darahli elkartea, Eskubidez SMH, Gazteak eta Garapena, Mulatik Herriak, Azkoitiko Misio Taldea, Mundu Solidarioa Helburu, Nava Jeevan eta TDHF Laguntza Zuzena taldeek postu bana jarriko dute plazan, 11:00etatik 13:30era bitartean. Produktuak saltzeaz gain, beren egitekoa azalduko diete taldeek postura hurbiltzen direnei. Bi azoka horiez gain, ehoziri lanen erakustaldia izango da Kontzejupean.
Igande eguerdian ere herritarrek izango dute zertaz gozatua, dantzarien kalejira egingo baitute herriko kaleetan zehar Bizkargi Musika Eskolako dantzariek nahiz Xabier Munibe eta Floreaga ikastetxeetako Kandiola dantza taldeak eta Txalkor txistulari taldeak. Antolatzaileek adierazi dutenez, eguraldi txarra egiten badu ekitaldia Elkargunean egingo da.
Hona hemen asteburuko ekintzen egitarau osoa:
Bihar, larunbata
12:00. Mata Market bigarren eskuko produktuen eta artisauen azoka, Matadeixen.
15:00. Haurren San Andres Igeri Saria, Elkargunean, Zubiaurre igeri elkarteak antolatuta.
16:30. XV. Herri Lasterketa, plazatik abiatuta. Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton elkarteak antolatu du proba.
18:30. Pirinioen magalean ikuskizunaren estreinaldia, Sahatsa dantza taldearen, Iraurgi abesbatzaren eta Azkoitiko Musika Bandaren eskutik, Baztartxo antzokian.
22:00. Helduen danborrada, herriko kaleetan barrena. Talde guztiak Gurea pilotalekutik abiatuko dira, eta 00:00etan plazan joko dituzte pieza guztiak.
Etzi, igandea
09:00. Azkoitiko baserrietako produktuen erakusketa eta salmenta, plazan.
10:00. Ehoziri lanen erakustaldia, Kontzejupean.
11:00. Garapenean Bidelagun azoka, plazan.
12:00. Dantzarien kalejira, herriko kaleetan barrena. Bizkargi musika eskolako dantzariek, Xabier Munibe eta Floreaga ikastetxeetako Kandiola dantza taldeak eta Txalkor txistulari taldeak parte hartuko dute. Oharra: eguraldi txarra egiten badu, Elkargunean egingo dute emanaldia.