Hezkuntza sistema arautura txertatu da Bizilore Eskola Aktiboa

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 13a

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren homologazioa jaso du Bizilore Eskola Aktiboak, eta beraz, ikastetxe izaera eta onarpena du egun eskolak. Hango kideek "pozik" hartu dute aitorpena.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Azkoitian dagoen Bizilore Eskola Aktiboa homologatu du, eta horrenbestez, hainbat urtez libre izaera izan duen ikastetxea sistema arautuan txertatu da. Homologazioa esku artean, beraz, Bizilorek ikastetxe aitorpenarekin eta onarpenarekin lanean dihardu egun.

Gaur gaurkoz, 30 bat umek ikasten dute Bizilore Eskola Aktiboan, eta horietatik hamalauk 6 urte baino gehiago dituzte, hau da, hezkuntzaren derrigorrezko aldian daude. Izan ere, Espainiako estatuan 6 eta 16 urte bitarteko umeen eskolaratzea derrigorrezkoa da, eta ez dago onartuta araututako sistematik kanpo ikastea. Hain zuzen ere, Bizilore eskola araututako hezkuntza sistematik kanpo aritu da Hezkuntza Sailaren homologazioa lortu arte. "Adin tarte horretako umeen izenek eskolaren batean agertu behar dute legez, baina orain arte, ez ginen existitzen. Joan zen udaberritik, Hezkuntza Sailak umeen berri zuen, eta hein batean, normalizatuta zeuden", adierazi dute Biziloreko kideek.

Dena den, hezkuntzari dagokion lege hori ez da beti modu berean praktikan jartzen, eta zentzu horretan, "hutsunea" dagoela adierazi dute kideek. Haien arabera, Bizilorek ez du "gorabeherarik" izan sistematik kanpo aritzeagatik, baina Hezkuntza Sailaren homologazioa "pozez eta lasaitasunez" hartu dute hango gurasoek zein profesionalek, uste baitute sisteman txertatzeak hainbat berme sortuko diela etorkizunera begira.

Joan den abuztuan lortu zuen ikastetxeak Hezkuntza Sailaren homologazioa, azken urteetako lanketaren ondoren. Bide horretan, prozesua bera "luzea" izan dela aipatu dute kideek, baina baita lasaia ere. Izan ere, Biziloreren eta Jaurlaritzaren arteko hartu-emana etengabekoa izan da. "Hezkuntza Sailak bazekien gure helburua homologatzea zela eta hori denbora kontua izango zela".

Urteetako lanaren emaitza

2016tik, Azkoitiko Altamira auzoan duten eraikinean eskaintzen ditu eskolak Bizilorek, baina lehen egoitza Bizenta Mogel kalean izan zuen. 2014an jarri zuten martxan eskola librea, eta lokala Bizenta Mogel kalean zuten garaian hasi ziren gurasoetako batzuk sistema arautura txertatzearen alde agertzen.

Erabakia apustu sendo bihurtu zen pixkanaka, eta azken urteetan, homologaziorako proiektu pedagogikoa zein teknikoa osatzen aritu dira, eta horretarako, askotariko zereginak egin behar izan dituzte. Hain zuzen ere, lanik mardulena Altamirako eraikina eskuratzea izan dela gogoratu dute, aurreko gune hark ez zituelako homologaziorako beharrezko baldintzak betetzen. Horrez gain, 2015. urtean, Hazitik Kooperatiba sortu zuten orduko zortzi familiek, besteak beste, ikastetxeak egitura bat izan zezan. Hezkuntza Sailak joan zen urtean onartu zuen Biziloreren proiektu pedagogikoa, eta erakundeak berrikuntza metodologikotzat jo zuen egitasmoa orduan.

Biziloreko kideek aktibotzat dute eskola, eta umeen "garapen osoa" kontuan hartzen dute haiek hezterakoan. Proiektua "integrala" dela azpimarratu dute, "eskolaz haratago" doalako eta gurasoek "konpromiso sendoa" dutelako proiektuarekiko. Homologazioarekin, sistema arautuaren barruan "lana beste modu batera" egin daitekeela uste dute hango kideek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide