EAJ izan da gaur, azaroak 10, alderdirik bozkatuena Espainiako Kongresurako hauteskundeetan, Azkoitian. 2.475 boto jaso ditu alderdi jeltzaleak (%41,83). Gaurko eguneko bigarren indarra EH Bildu izan da, 1.866 boto jasota (%31,54). Hirugarren alderdi bozkatuena, berriz, PSOE izan da, 663 boto jasota (%11,21). Elkarrekin Podemos alderdiak 592 boto jaso ditu (%10,01), eta PPk 150 (%2,54).
Haien ostean, eta boto kopuruan alde dezenterekin, Vox alderdiak 94 boz jaso ditu. Ciudadanosek, berriz, 22 boz, PACMAk hamazortzi boto, PUM+Jk hamasei boz, Recortes Cerok sei boto, EBk hiru boto eta ELAK-PCTE boto bat. Horiez gain, 27 boto baliogabe eta 11 zuri ere izan dira Azkoitian.
Apirilaren 28an egin ziren Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan izan zen parte hartzearekin alderatuta, ia lau puntu egin du behera parte hartzeak gaur. Azkoitiko erroldaren %70,24k eman du botoa gaur. Apirilean, aldiz, %74,19k eman zuen botoa.
Espainiako Kongresurako egindako azken hauteskundeekin alderatuta, antzeko panorama utzi dute gaur egin diren hauteskundeek Azkoitian. Apirilaren 28an egin ziren hauteskundeetan ere EAJk irabazi zuen Azkoitian, 2.524 boto (%40,30) jasota. EH Bildu izan zen bigarren alderdi bozkatuena, 1.780 botorekin (%28,42). Elkarrekin Podemosek, bestalde, 799 boto (%12,76) eskuratu zituen Azkoitian, PSOEk baino 33 boto gehiago —766 boto (%12,23)—.