Azkoitiko San Martin mendi lasterketa Borja Zubizarretak eta Alaitz Oruesagastik irabazi dute

Nerea Uranga 2019ko azaroaren 9a

Ateri egin du Azkoitian San Martin IV. mendi lasterketa jokatu den bitartean, eta bukatu orduko hasi dira euri tanta batzuk. San Martin ermitan 11:00etako kanpaiak jo orduko abiatu dira proba egin duten 44 kirolariak, San Martin Mikologi elkartearen aurretik. Zazpi kilometroko ibilbidea egin ostean, Martin baselizan proba bukatu dute proba. Azkoitiarrak izan dira gizonetan eta emakumeetan aurrenak baselizako kanpaia jotzen. Gizonetan Borja Zubizarretak irabazi du, 28:17 denboran ibilbidea osatuta. Emakumeetan, Alaitz Oruesagastik izan da helmugan aurrena, 37:17 denboran bukatuta.

Ibilbidean ur asko aurkitu dutela adierazi dute proba egin dutenek: "Lokatza baino gehiago ura zegoen ibilbidean, erreskastoak zeuden". Ibilbidea egokitu egin dute aurten antolatzaileek eta kilometro bat gutxiagokoa izan da. Hala ere, aurreko edizioetako ohiko mendixkak zeharkatu dituzte parte hartzaileek: Txalintxo, Munoaundi eta Kukuerri.

San Martin auzoko jaien barruan jokatu da mendi lasterketa, eta Udalak zein auzoko San Martin Mikologi elkarteak antolatu dute.

Bihar eta etzi ere izango dira San Martin auzoko festetako ekitaldiak. Bihar, igandea, San Martin ondaregunea ezagutzeko bisita gidatua izango da, 12:00etan hasita. Juan Bautista Mendizabal kronista ariko da gidari.

Etzi, astelehena, San Martin eguna izanik, kanpai hotsak izango dira nagusi auzoan. Goizetik iluntzera, kanpai festa egingo dute. 11:00etan, berriz, San Martin eguneko meza izango da baselizan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide