Martxotik musikal batean buru-belarri lanean dabil Imanol Garcia (Azkoitia, 1989) Bartzelonan. Senitarteko batek musikal baterako antzezle bila zebiltzala abisatu zion, eta probetara aurkeztu zen. Hala, La princesa Anastasia antzezlanerako pertsonaia baten rola erdietsi zuen. Gabonen ostean ekingo diote berriz ere musikala antzezteari.
Nola iritsi zinen La princesa Anastasia antzezlanean parte hartzera?
2018. urtean Bartzelonara joan nintzen bizitzera. Aurten, bertan bizi den lehengusu batek musikal baterako casting bat egin behar zutela aipatu zidan, eta tenor baten bila ari zirela. Lehenengo fasean, bideo bat bidali behar genien ekoizleei, eta fase hori pasatuta, aurrez aurreko casting bat egiteko deitu zidaten. Neure burua grabatu nuen pare bat kantu a capella abesten, eta ekoizleei bidali nien. Handik pixka batera, castingaren bigarren fasera joateko deitu zidaten, eta hara joan nintzen. Ondoren, dantza proba pasatu behar nuela esan zidaten; dantza egiten ez naiz oso trebea, baina saiatu egin nintzen, eta ekoizleei gustatu egin zitzaien. Iazko abendu amaieran proiektuaren parte izateko proposamena egin zidaten, eta onartu egin nuen. Urte honen hasieran hasi ginen musikala prestatzen, eta martxoan estreinatu genuen antzezlana.
Zer kontatzen du antzezlanak, eta zein pertsonaia gorpuzten duzu zuk?
Errusiako Iraultzaren ondorengoko San Petersburgon kokatzen da antzezlana. Nik gorpuzten dudan pertsonaia Ivanek eta Borisek erietxetik atera berri den Ana Parisera joateko konbentzitzen dute. Han, Maria Fiodorovna enperatrizari, Ana Anastasia printzesa dela sinetsarazten diote, eta horren inguruan hitz egiten du musikalak. Hasieran, bigarren mailako pertsonaia bat antzezteko egin nuen proba; protagonistetako batek, ordea, proiektua utzi behar izan zuen, eta Ivanen pertsonaia gorpuzteko aukera eskaini zidaten. Baiezkoa eman nien, eta hilabete musikaleko koruak egiten ibili ostean, Ivan pertsonaia gorpuzten hasi nintzen.
Guztira, hogei antzezle zarete agertokian. Erraza al da denak koordinatzea?
Antzezlanak, guztira, hiru ekoizle ditu. Haiekin hiruzpalau egun zehazten ditugu denok entseguak egin ditzagun. Egun batean, dantza entseguak egiten ditugu; bestean, abestiak nahiz melodiak eta ahotsak errepasatzen ditugu; eta azkenik, eszenografia kontuak errepasatzen ditugu. Horrez gain, beste egun batean denok elkartu eta eszena guztiak batera antzezten ditugu.
Nolako harrera izan du musikalak?
Oso harrera ona izan du antzezlanak. Ekoizleen lehen obra da, baina anbizio handikoa eta etorkizuneko oso ikuspuntu polita duena. Gainera, musikal oso ezberdina da. Horrez gain, lantaldeko jendea oso profesionala da, eta ilusio handia jartzen du bakoitzak bere lanean. Jendeak dioenaren arabera, oso giro ona sortzen dugu agertokian. Musikala orain gutxi hasi da, baina ibilbide polita du aurretik.
Inoiz parte hartu al duzu beste musikalen batean?
Parte hartzen dudan lehen ekoizpen profesionala da hau. Halere, askotariko proiektuetan aritu izan naiz lehenagotik. Azkoitiko Floreaga Ikastetxean ikasi nuen, eta han musikal asko egin genituen. Bestalde, Xabier Barquero eta Kari Alberdi azkoitiarrek sortutako Rise and shine musikalean parte hartu nuen duela bospasei urte. Zuzendari horiek, obra horren ondoren, Shine again antzezlana sortu zuten, eta han ere ibili nintzen aktore lanetan. Aurten, K-baret antzezlana egiten ari dira, baina nik ezin izan nuen haiekin lanean jarraitu, La princesa Anastasia musikalean parte hartzeko proposamena egin baitzidaten orduan. Aurretik izandako ibilbide horri guztiari esker ausartu nintzen bide berriak probatzera, bestela ez nintzatekeen gaur nagoen lekuan lanean arituko.
Nolatan sartu zinen mundu honetan?
14 urte nituenean, eskolako zuzendari bati Moulin Rouge musikala egin behar genuela otu zitzaion. Nik, ordura arte, ez nuen sekula pentsatu aktore izaterik, ezta abeslari eta dantzari izaterik ere. Izena eman nuen musikalean, eta gorpuztu nuen lehenengo pertsonaia Toulouse-Lautrec izan zen. Esperientzia asko gustatu zitzaidan. Horren ostean, Notre Dameko konkorduna antzezlana egin genuen, eta hala, guztira, bost musikal egin nituen eskolan. Gustu handia hartu nion mundu horri, eta hor hasi zen guztia.
Egunen batean musikaletatik bizi zaitezkeela uste al duzu?
Oso iragankorra eta abstrakua da musikalen mundua, baina polita. Uneren batean, aktore izateko aukeratu zaitzakete, eta hilabete batzuk edo urtebete egon zaitezke bertan lanean, baina hori amaitzen denean, ez dakizu zer gerta daitekeen. Momentu honetan, lan finko bat mundu honekin uztartzea da nire ideia. Musikaletan dedikazio osoarekin lan egin nahi bada, denbora asko eskaini behar zaio horri. Hemendik urte batzuetara, abeslari, dantzari eta aktore moduan formakuntza hobea dudanean, zergatik ez? Saiatuko nintzateke hemendik bizitzen, nahiz eta zaila eta gogorra izan, oso mundu polita baita.
Zer pasatzen zaizu burutik agertokira ateratzen zaren unean?
Imajinatu txikitatik duzun ametsa momentu horretan eskuetan izatea. Agertokira atera aurretik pentsatzen dut hori dela nire ametsa, disfrutatu egin behar dudala agertoki gaineko minutu bakoitza eta ikusleei poztasuna eta emozioa transmititu behar dizkiedala.
Gaur-gaurkoz, beste proiekturik ba al duzu buruan?
Oso proiektu gaztea da La princesa Anastasia antzezlana. Aurten hasi gara obra hori antzezten, eta une honetan nire burua proiektu horretan dago. Ez dakidana da hurrengo urtetik aurrera zer egingo dudan. Argi eta garbi dudana da, ordea, hau dela nire ametsa, eta mundu honetan segitu ahal izateko guztia emango dudala. Jendeari esango nioke horrelako ametsik balu, ez izateko beldurrik aurrera egiteko. Nik 30 urte bete ditut aurten, iaz egin nuen nire lehen jauzia eta ez naiz horrekin batere damutzen; behin pausoa ematen duzunean, zure buruaren inguruko gauza asko deskubritzen dituzu, bai barrukoak, baita kanpokoak ere.