Ana Etxaniz Elorza (Azkoitia, 1951) helduen danborradako pilotarien taldeko zuzendaria da. Duela 24 urte parte hartu zuen aurrenekoz danborradan, emakume pilotarien taldean. Ordura arte ez zegoen emakumeen talderik Azkoitiko helduen danborradan, eta eurak izan ziren lehenak. Etxaniz, gainera, helduen danborradako lehen emakume zuzendaria da.
- Noiz parte hartu zenuen lehen aldiz danborradan?
Ordura arte ez zegoen emakumeen talderik, eta duela 24 urte, danborradan irtetea proposatu ziguten. Bi kuadrilla elkartu ginen eta danborradan parte hartzea erabaki genuen. Emakumeen lehen taldea izan zen gurea; oso ausartak izan ginen. Hasieran oso talde txikia zen gurea, hamabi bat kidez osatua. Orain, askoz gehiago gara.
- Zu zara Azkoitiko danborradako lehen emakume zuzendaria.
Duela hamabi urte hasi nintzen pilotarien taldea zuzentzen. Lehen, Kixona zen danborradako zuzendaria, eta guk berarekin batera parte hartu genuen danborra jotzen. Taldeak osatzen joan dira danborrada egonkortu den heinean, eta bide horretan zuzendari izango al nintzen galdetu zidaten duela hamabi urte. Ez nuen ezetzik esan, eta gaur arte.
- Nola ikasi zenuen danborrada zuzentzen?
Abestiak belarrira eginak nituen ordurako, eta horrek asko lagundu zidan. Zuzendari izan naizenean, bilobak laguntzaile izan ditut alboan, gainera.
- Polita izango zen hori zuretzat.
Hiru biloba atera dira laguntzen danborradan. Gazteenari laguntzaile izateko ordua amaitu zaio aurten. Pena handia hartu du, eta orain, esan dit kantinera bada ere irtetea nahi duela. Niretzat tristura handia da. Bilobak danborrada zuzentzen alboan izan ditudanean, zerbait ederra sentitu izan dut. Hirurekin irten naiz oso gustura.
- Zer-nolako bilakaera izan du danborradak?
Bilakaera handia izan du, zalantzarik gabe. Orain, bestelako danborrada bat dugu Azkoitian, ez du lehengoarekin inolako zerikusirik. Hasierako danborrada hark ez zuen indarrik, eta ez zegoen seriotasunik. Gaur, danborrada serioa dugu Azkoitian; merezi du bertan parte hartzea.
- Berrikuntzarik behar al du Azkoitiko danborradak?
Abesti berriak aterako bagenitu, horretara ere ondo moldatuko ginakeela uste dut. Xoxote eta Azkoitia abesti berriak atera zituztenean, urduri ere jarri ginen, baina segituan egokitu ginen kantu horietara.