Literatura eta musika izango dira protagonista bihar Matadeixen

Urola Kostako Hitza 2019ko urr. 23a, 10:22

Bihar, osteguna, iluntze berezia izango da Matadeixen, 21:30etik aurrera. Batetik, Galiziako Vietcong musika taldeak musika eta poesia uztartuko ditu. Bestetik, Itxaro Borda lapurtarra igoko da agertokira, eta Ibon Rg-ren sintetizadorez egindako musikarekin Buztinezko etorkizuna ekitaldia eskainiko du.

Ibon Rg Itxaro Borda poetarekin batera igoko da agertokira. (Ibon Rg)

Joan zen astean Ester Poly eta Orbain Unit taldeen kontzertuekin hasi zen Bebarruko Jardunek Azkoitiko Matadeixen, eta aste honetarako hitzordu berezia antolatu du Matadero Ekintzak taldeak. Bihar, osteguna, 21:30etik aurrera Galiziako Vietcong taldearen kontzertua izango da batetik, eta Itxaro Borda eta Ibon Rg-ren Buztinezko etorkizuna ekitaldia, bestetik.

Galiziako Vietcong musika taldeak noise-rock estiloa, inprobisazioa eta Daniel Salgado poetaren olerkiak uztartuko ditu. Bestalde, Ibon Rg sestaoarrak sintetizadorez egindako musikaren doinupean, Itxaro Borda Baionako idazleak testu bat irakurriko du Matadeiko agertokian.

Gaur ere izango da zertaz gozatua Matadeixen, The Battery filmaren emanaldia izango baita Izu zinezkoak zine zikloaren barruan, 21:30etik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide