Aizpurutxoko oinezkoen pasabidea eta Munategiko biribilgunea 2020an egingo dituztela baieztatu du Foru Aldundiak

Urola Kostako Hitza 2019ko urriaren 17a

Aizpurutxoko errepidearen lehen hobekuntza fasea eta Munategiko biribilgunea datorren urtean egingo dituzte. Hala jakinarazi du Azkoitiko Udalak gaur, osteguna, Mikel Uribetxeberria Bide Azpiegituren Kudeaketa eta Plangintza zuzendari nagusiarekin udaletxean bildu ostean.

Joan zen uztailean abiatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-631 errepidea Azkoitia eta Urretxu artean hobetzeko proiektuaren lehen fasea. Lanak 2020 hasieran gauzatzea aurreikusi zuen erakundeak orduan eta gaur, osteguna, plan horiek baieztatu ditu Azkoitiko Udalak. Izan ere, Aldundiko Bide Azpiegituren Kudeaketa eta Plangintza zuzendari nagusia den Mikel Uribetxeberriarekin bildu da gaur Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea, eta Uribetxebarriak lanak datorren urtean egingo direla baieztatu dio Zubizarretari udaletxean egindako bileran.

Uribetxeberriak azaldu duenez, 2020an egingo dituzte GI-631 errepidearen hobekuntzen bigarren faseari dagozkion lanen tramiteak, eta 2021ean aterako dira Aldundian obrak lizitaziora. Lan horretan egingo dituzte Aizpurutxo eta Urretxu arteko errepidearen hobekuntza lanen aurreko izapideak.

Basarteko bidegurutzean biribilgunea egiteko proiektua ere joan zen ekainean onartu zuen Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak, eta lan horiek ere 2020an gauzatuko direla baieztatu du Uribetxeberriak bileran.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide