Nolatan hasi zara Azkoitiko Udal Musika Banda zuzentzen?
Urte batzuk badira Getariako banda zuzentzen nabilela, eta gurea familia txiki-txikia denez, beti ere laguntza eskatzen ibiltzen gara. Askotan, Azkoitiko bandakoak etortzen dira laguntzera, eta haiek adierazi zidaten zer egoeratan zeuden eta ea laguntzeko prest ote nengoen. Nire esku zegoena egiteko prest azaldu nintzen, eta horrela sortu zen aldaketa. Mila kontutan sartuta nago, eta denboraldi osoa neuk bakarrik ikusteko larri samar ikusten nuen nire burua. Beraz, Ismaelen eta bion artean zuzenduko dugu banda.
Ismael Condek eta biok nola banatuko dituzue lanak?
Bakoitzaren agendaren arabera, Ismaelek edo nik zuzenduko ditugu kontzertuak. Asmoa da zuzendari bakoitzak kontzertu oso baten ardura edukitzea; azken kontzertua, esaterako, nik zuzendu nuen, eta beraz, saio hori prestatzeko egin genituen entseguak ere nik gidatu nituen. Horrez gain, urtean zehar kontzertu bereziak eskaintzen ditu bandak, eta kasu horietan, entseguak bion artean eramango ditugu aurrera, eta emanaldian ere pieza batzuk Ismaelek zuzenduko ditu eta besteak nik.
Getariako zuzendari izaten jarraituko al duzu?
Getariako banda zuzenduko dudan bosgarren denboraldia izango da honako hau, eta han etxean bezala sentitzen gara guztiok, talde oso txikia baigara. Printzipioz, biekin jarraituko dut.
Getariakoa familia txikia dela diozu. Azkoitikoa handiagoa izango da, ezta?
Azkoitian dagoen musikari kopurua ia bikoitza da. Askoz ere banda handiagoa da, eta beraz, erronka ere bada niretzat. Jo izan dut banda handietan, baina inoiz ez dut halakorik zuzendu, eta orain ikuspuntua aldatu egiten da, baita sentipenak ere. Beldurrik ez, baina banuen urduritasun pixka bat, ez nekielako horrenbeste pertsonen aurrean nola erreakzionatuko nuen. Gainera, Azkoitiko batzuk ezagutu ere ez nituen egiten, eta beraz, dezenteko aldaketa izan da.
Zerekin egin duzu topo Azkoitiko Udal Musika Bandan?
Ez dut denbora askorik izan, eta gustua hartzerako, Ismaelen txanda iritsi da. Hilabeteko kontua izan da, baina oso gustura sentitu naiz. Oso jende irekia da eta lanerako prestutasun handia dute. Gauzak serio hartzen dituen banda da, eta kontzentrazioa mantenduz gero, lan txukuna egiteko gai dela uste dut.
Azkoitiko musika bandak bide berri bat hartu du azken urteetan, abesti tradizionaletatik modernoagoetarako hautua eginez. Ildo horretan, orain arte egin duzunarekiko desberdina al da Azkoitikoa?
Errepertorioa aukeratzerako orduan, hasieratik libre utzi didate bidea. Baina banda bat den heinean, tradizio puntua ezin duela galdu iruditzen zait. Nire programetan behintzat, ez litzaidake gustatuko pasodoble edo obertura bat, betiko abesti bat, faltatzea. Musikaren bilakaeran garrantzitsua izan den atal edo abesti bat aukeratzea gustatzen zait, batez ere guztiengana iris gaitezen. Dena den, Ismaelek ez dakit nola antolatuko dituen kontzertuak, horretan ere nahiko libreak garelako.
Zuzendari aldaketarekin, azken urteetako joera horri eutsiko al dio bandak?
Beharraren arabera izaten da hori, eta ez dut uste zuzendari batek aukeratu beharreko gauza bat izan behar duenik. Bandak berak dauka hitza, eta pisu handia eduki behar du. Kontzertuak prestatzerakoan, taldean bildu eta guztion artean hitz egitearen aldekoa naiz. Bandak berak ezarriko du bidea. Ni irekita nago.
Hilaren 10ean egin zenuen debuta Azkoitiko bandarekin. Nola ikusi zenuen zure burua?
Musikariak seguru zeudela ikusi nituen, eta niri ere segurtasun handia transmititu zidaten. Zerbait gustukoa egiten eta bizitzen duzunean, gainontzeko guztia ahaztu egiten da; egia esan, ez dakit publikoaren erantzuna zein izan zen, banda zuzentzean jartzen baitut arreta guztia saioan, eta gozatzen eta gozarazten saiatzen naiz. Barrukoek gozatzen badute, kanpokoek ere, normalean, horrela egiten dute.