Sanabria Glaciar Race proba irabazi du Imanol Alesonek

Urola Kostako Hitza 2019ko urriaren 13a

Sanabria Glaciar Race (Zamora, Espainia) probaren lehen edizioa irabazi du Imanol Aleson azkoitiarrak. 254 kilometroko proba bi egun baino gutxiagoan egin du.

Sanabria Glaciar Race probaren lehen edizioa irabazi du Imanol Alesonek. Zamoran (Espainia) jokatu da lasterketa. Asteazkenean irten zuten parte hartzaileek eta 254 kilómetro eta 11.000 metro desnibel positiboko ibilbidea egin dute. Alesonek bi egun baino gutxiago behar izan ditu ibilbidea egiteko, ostiral iluntzean iritsi zen helmugara, 47:33:00 denbora eginda. Haren atzetik helmugaratutakoek bi egun baino gehiago behar izan dituzte proba bukatzeko: Fernando Fernandez bigarrenak 2 egun 11 ordu eta 49 minutu eta Esteban Diaz hirugarrenak 2 egun 13 ordu eta 52 minutu.

Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioan Alesonek adierazi duenez, gozatu egin du proban. "Bidea markatu gabe dago, eta GPS-ari begira egin behar izan dut ibilbidea, horrek entretenigarria egiten du, eta nik jolas gisara hartzen dut. Adinean aurrera goaz, eta gero eta gustukoagoak ditut horrelako probak". Sanabria ingurua oso polita dela adierazi du azkoitiarrak, "paraje politak daude, igoerak oso politak izan dira. Jaitsieretan sufritu dut gehiena, harri solte asko dagoelako. Eguraldiak lagundu du, gorputzak ondo erantzun du eta aurreikusi baino hobeto bukatu dut proba. Gustura nago", azaldu dio Alesonek irratsaioan Txetxu Urbieta kazetariari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide