Goizean goizetik jende ugari dabil Elosuko ganadu ferian

Nerea Uranga 2019ko urriaren 12a

Gaur, urriak 12, 09:00etan hasi da Elosuko XLI. Ganadu Feria. Eguraldi epela lagun, goizetik jende ugari dabil Elosuan, Azkoitia eta Bergara arteko auzoan. Auzoko plazan eta ondoko belardian era askotako produktuak saltzeko postuak jarri dituzte, urteroko legez: bitxiak, gazta, hestebeteak, arropa, oinetakoak, aterkiak, ogia, perretxikoak, ukenduak... Horrez gainera, jan-edanerako aukera bikaina dago, hala nola, txahal errearen pintxoak eta taloak, besteak beste.

Goizean, haurrentzako puzgarriak ere jarri dituzte frontoiaren ondoko haur parkean. Eguerdira arteko giroa bertsolariek eta trikitilariek girotu dute.

Azkoitiko Udalak autobus zerbitzua jarri du Elosuko feriara joateko, eta autobusa joan-etorrian 20:30era bitartean ibiliko da. Autobusak Azkoitian Eroski txikiaren aurreko geralekutik aterako dira, Julio Urkixo kaletik alegia, eta leku berera itzuliko dira Elosutik. Doakoa da zerbitzua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide