Jon Unanue Goenatxo III.a helburua bete ezinda gelditu da gaur arratsaldean Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Marka pertsonal berria ezarri nahi zuen harri-jasotzaile azkoitiarrak, bost minutuko saio bakarrean 187,5 kiloko kubikoa eta 225 kiloko errektangularra jasota, baina markarik gabe gelditu da.
187,5 kiloko kubikoa lehendabiziko ahaleginean eraman du sorbalda gainera. Ikusleak txaloka ari ziren bitartean harri-jasotzaileak berak hain gustura gelditu ez izanaren imintzioak egin dituen arren, marka ahalegina bide onetik hasi da, horrenbestez. 175 kilokoari berotze aldera altxaldi bat eman ondoren ekin dio harri pisutsuena altxatzeari. 225 kiloko errektangularrak, ordea, eskuetatik ihes egin dio, iztarretatik gorputzera gerturatzeko kolpea ematen hasi denean. Denboraren barruan zegoenez, 225ekoarekin bigarren ahalegin bat egiteko tartea izan du, baina azken saiakera horretan ere harria berdintzetik urrun gelditu da.
Hona hemen, Goenatxo III.aren marka ahaleginaren argazkiak:
Jaialdiaren une nagusira iritsi aurretik, ordu erdiz luzatu den erakustaldia eskaini dute eskualdeko beste bost kirolarik. Aimar Galarraga oriotarra eta Jokin Eizmendi zarauztarra -hasieran iraharrita zegoen Imanol Illarramendi Kortaberriren ordez- aritu zira nor baino harri jasotzen, eta Mikel Larrañaga azpeitiarra, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Eneko Otaño beizamarra, berriz, aizkoran. Hemen, marka saiakeraren aurreko erakustaldiaren argazki batzuk:
[gallery size="medium" ids="384879,384880,384881,384882,384883,384884,384885,384886,384887,384888,384889,384890,384891,384892,384893,384894,384895,384896,384897"]