Musikagilea

Joseba Beristain: "Zinemagile gisa pentsatzen dut musika sortzerakoan"

Ane Olaizola 2019ko irailaren 4a

Filmei, telebista saioei eta iragarkiei musika jartzen die Joseba Beristainek (Azkoitia, 1978). 'Elkano, lehen mundu bira' filmaren soinu banda egin du, eta hilaren 15ean emango dute lana Baztartxon.

Nola deskribatuko zenuke Elkano, lehen mundu bira filma?

Polita da, erraz ulertzen dena eta entretenigarria. Harrigarria bada ere, Elkanoren inguruko filmik ez zegoen orain arte. Lanak oinarri historikoa du, baina ez da dokumentala; historiako une garrantzitsuak hartu eta abenturazko filma egin dute. Batez ere, haurrei zuzendutako lana da, eta gauza asko kendu edota disimulatu egin dituzte, gertaerak biolentoak izan zirelako.

Musikalki ere ondo geratu da. Ekoizleek argi zuten abenturazko film honi ondoen egokitzen zitzaion musika sinfonikoa zela. Zerbait handia egin nahi zuten, eta Euskadiko Orkestrarekin eta Donostiako Orfeoiarekin osatu dugu soinu banda. Filmaren 80 minutuetatik 60k musika dute; beraz, musikak tarte handia du.

Soinu bandak egiten dituen musikaria zinemagilea ere badela esana duzu. Zergatik?

Ez dago musika neutrorik. Aurrean duzun irudiak eta istorioa ulertzeko moduak zugan eragina izaten du, eta zentzu horretan, filmaren beste elementu askok bezala, musikak ere laguntzen du istorioa kontatzen. Horregatik diot soinu banda egiten dugunok zinemagileak ere bagarela. Musikari ona izateak ez du bermatzen soinu banda egile ona izatea. Soinu bandek egitura eta kode jakin batzuk dituzte, eta horiek sortzen dituenak zinemagile gisa pentsatu behar du: zer da kontatuko den istorioa? Nola kontatuko dugu eta musikak nola lagunduko du horretan? Besteak beste, lagun dezake isilduta, pertsonaia bakoitzarentzat musika jakin bat sortuta…

Gidoigintzako ikastaro bat ere egindakoa zara. Ezagutza horrek lagundu al dizu soinu bandak sortzeko orduan?

Donostiako Larrotxene kultur etxean bi urtez ikasi nuen gidoigintza Isabel Alba idazlearekin. Aspalditik nabil film laburrak-eta sortzen, eta gidoigintza zinema barrutik ezagutzeko ikasi nuen. Izan ere, gidoia egitea da filma sortzeko lehen pausoa. Asko gozatu nuen ikastaroan, eta hura egin nuenetik, filmak beste garbitasun batekin ulertzen ditut. Musika sortzerakoan ere zinemagile batek bezala pentsatzen dut, eta zentzu horretan, zinemagiletzat dut nire burua. Filmaren istorioa egituratzerakoan musikak nola lagun dezakeen ikastea ahalbidetu dit gidoigintza ikastaroak.

Nolakoa izan da soinu banda Donostiako Orfeoiarekin eta Euskadiko Orkestrarekin grabatzea?

Halako ekoizpen handi batek emozio asko sortzen ditu, tartean urduritasuna. Denbora mugatua genuen sortutako piezak grabatzeko, baina banekien orkestrak ondo joko zuela. Soinu banda ugari zuzendutakoa den Fernando Velazquezek gidatu zuen orkestra. Konfiantzazko lantaldea nuen, eta horrek izugarrizko segurtasuna eman zidan. Hala ere, beti dago halako kezka bat. Esperientzia ederra izan da, ordea. Zatika grabatzen dute orkestrek: sokazko tresnek alde batetik, metalezkoek bestetik... Eta oraindik ez dut izan orkestra zuzenean eta osorik entzuteko aukerarik.

Irailaren 21ean entzungo duzu zuzenean lehenengo aldiz.

Donostiako Zinemaldiaren barruan kontzertua eskainiko du orkestrak, eta orduan entzungo dut aurrenekoz zuzenean soinu banda osorik. Ederra izango da. Halako kontzertuetara publiko gisa joan izan naiz beti, eta orain bestaldean egongo naiz.

Zirrara berezirik eragiten al dizu zuk sortutako lan bat orkestrak taularatzeak?

Noski, emozioa eragiten dit. Aldi berean, mila aldiz entzuna dut musika hori, eta freskotasunik ez dut dagoeneko. Gainera, halakoetan ez duzu lasaitasunez gozatzen, guztia behar bezala joatearekin arduratzen baitzara. Sentipen anbibalente askok egiten dute bat.

Noiz hasten eta bukatzen da soinu banda idazten duen musikagilearen lana? Nolakoa da prozesua?

Musikagilea prozesuaren une desberdinean has daiteke lanean. Has daiteke filma muntatuta eta estreinaldiaren eguna zehaztuta dagoenean edo oraindik gidoia soilik sortuta dagoenean. Kasu honetan, hala izan da; filmaren gidoia eman zidaten, eta hortik abiatuta hasi nintzen lanean. Animaziozko filmetan ekintza errealekoetan baino makalagoa izaten den animatikaren bidez egiten dute lan. Hau da, animazioaren bertsio sinplifikatua, bozetoa, egiten dute aurrena, eta horren gainean hasten dira lanean. Elkanoren kasuan, soinu banda eta filma batera joan dira hazten: aldiro, muntaia berri bat bidaltzen zidaten, eta modu horretan jakiten nuen filma nola ari zen hobetzen. Animaziozko filmetan erabat sinkronizatuta egon behar dute irudiak eta musikak, eta horrek buruhausteak eragiten ditu filmaren muntaian aldatuz gero. Muntaia aldatzen badute, musika aldatu egin behar da, baina ezin da konpas bat erditik moztu, musikaren zentzua galtzen baita hala eginez gero. Askotan, hori izaten da zailena. Kirurgia plastikoa egitea eskatzen digute: handik eta hemendik kendu, baina ez dadila ezer antzeman.

Ezkutuan eta oharkabean geratzen den lana al da soinu banden sortzaileena?

Kasu honetan, Euskadiko Orkestrarekin grabatu dugu, eta musikak garrantzi handia izan du. Zuzendariak ere oihartzun handia eman dio soinu bandari. Baina egia da, oro har, soinu banden egile oso gutxi ezagutzen ditugula: John Williams, Ennio Morricone eta Hans Zimmer. Soinu bandak egiten dituzten milaka pertsona daude, ordea. Guztiok ikusten ditugu filmak, telesailak, bideo jokoak, telebista saioak... eta horien guztien atzean ordu ugaritako musika eta milaka konposatzaile daude. Dena den, inork gutxi daki zeintzuk diren horiek. Halere, arlo horretan bada azpi mundu bat: herritar asko dira soinu banden egileen zale amorratuak, eta horiek egile guztiak ezagutzen dituzte.

Kandido Beristain musikari azkoitiar ezaguna zenuen aitona. Harengandik jaso al duzu musikarekiko zaletasuna?

Familia osoa dut musikazalea. Aitaren eta amaren familietan beti egon da musika presente, eta txikitatik musika asko entzun izan dut. Ziurrenik, aitonak ere izango zuen nigan eragina. Umetatik ibili izan naiz musikaren bueltan, eta Itzain, Itzaletik eta Vostok taldeetan aritutakoa naiz. Zinema ere betidanik gustatu izan zait, eta Vostok taldea soinu bandetan murgiltzeko utzi nuen; musikari moduan baino gehiago pentsatzen dut zinemagile gisa. Interesgarriagoa iruditzen zait musika istorioekin batera lantzea. Uste dut aitona gustura egongo litzatekeela eta zeharo harrituko zela musika zenbat aldatu den ikusiko balu. Irailaren 21eko kontzertura joango balitz, berriz, oso harro egongo litzatekeelakoan nago.

 

https://www.youtube.com/watch?v=wTq3mtA0a7Q

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide