Azkoitiko barraketan egunero kenduko dute musika ordubetez, festa inklusiboagoak sustatzearen alde

Urola Kostako Hitza 2019ko abuztuaren 7a

Marea Urdina elkartearen eskaerei erantzunez, udalak erabaki du hilaren 14tik 18ra 18:00etatik 19:00etara musikarik ez jartzea, aniztasun funtzionala duten pertsonek ere festaz goza dezaten. Era berean, pertsona horiei zuzendutako txartelak jarriko dituzte, barraketan ibili nahi badute ilararik egin ez dezaten.

Azpeitian saninazioetarako egin bezala, Azkoitian ere aniztasun funtzionala duten pertsonek jaietaz hobeto goza dezaten eta festak inklusiboagoak izan daitezen neurriak hartu ditu hango udalak, Marea Urdina elkartearekin "gaia landu ostean, eta elkartearen eskakizunei erantzunez", datorren astean ospatuko dituzten Andra Mari jaietarako.

Hain zuzen ere, jaietan herrian jarriko dituzten barrakekin lotuta bi neurri nagusi iragarri ditu Azkoitiko Udalak gaur. Batetik, andramarietako egun guztietan, hilaren 14tik 18ra, ordubetez musika kenduko dute barraketako gunean; 18:00etatik 19:00etara ibiliko dira musikarik gabe barrakak, egunero. Bestetik, aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzendutako txartelak atera dituzte, barraketan ibili nahi badute ilararik egin ez dezaten. Txartel horiek udaletxeko harreran eskatu behar dira eta eskuragarri daude dagoeneko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide