Azkoitiko Egoitza Kalerak bere aldarrikapenekin jarraitzen duela adierazi du

Nerea Uranga 2019ko uztailaren 28a

Azkoitiko Egoitza Kalera taldeak udal hauteskundeen ondoren izandako bileren eta egindako lanaren berri eman du kaleratutako idatzi baten bidez. Adinekoen egoitzaren kokapenaren aldarriarekin jarraitzen dutela zehaztu dute, eta Janire Igoa Azkoitiko Udaleko Gizarte gaietako zinegotziarekin ere bildu dira.

Azkoitiko Egoitza Kalera herri dinamikakoek "geldirik ez" daudela adieraziz idatzi bat kaleratu dute, azken hilabeteetan egindako lanaren eta bileren berri emanaz. Beren aldarriekin jarraitzen dutela zehaztu dute, Azkoitiko San Jose egoitzaren kokapenaz lan eginez eta bertako funtzionamenduan aurkitzen dituzten hainbat gabezia azaleratuz, "langile gehiagoren beharra, esaterako".

Maiatzeko udal hauteskundeen aurretik Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariekin bildu ziren Egoitza Kalerakoak. Orduan, alde guztiek egoitzaren gaiari eutsi eta pausoak emateko konpromisoa hartu zutela gogoratu du taldeak. "Ondoren, denbora pasatzen utzi dugu, hauteskundeak eta gero udaletxean eman diren aldaketak finkatu arte". Behin  Azkoitiko Udala osatuta, Gizarte gaien ardura duen Janire Igoa (PSE-EE) zinegotziarekin harremanetan jarri dira Egoitza Kalerakoak. "Aurreko astean Igoari bilera bat eskatu genion, egoitzaren gaiak mahai gainean jarraitzen duela gogorarazteko, eta Azkoitiko herritar askori azalpenen bat zor diegulako, egoitzaren kontuarekin kezka eta interes handia agertu dutelako". Zinegotziari bilera eskatu eta bi egunetara jaso zuten haren deia Egoitza Kalerakoek: "Alkatearekin egon zela esan zigun Igoak, eta berak adierazi ziola herriko gizarte gaietaz hitz egiteko irailean Gipuzkoako Foru Aldundiko Maite Peña diputatuarekin bilera bat izatekotan dela; tartean, San Jose egoitzaren kontua. Bitartean ezer berririk esateko ez zuela udalak eta diputazioarekin bilera egin ondoren berriro elkartuko zirela gurekin".

Udalaren erantzun horren ondoren, ordea, Egoitza Kalerakoek berriro bilera eskatu zioten Igoari, "uste dugulako diputazioko ordezkariarekin bildu aurretik udalak eta Egoitza Kalerak gauzak hitz eginda eduki behar ditugula". Hala, uztailaren 26an Egoitza Kalerako ordezkariak Igoarekin bildu ziren. Taldeak adierazi duenez, Igoa egoitza herrian integratzeko "bere esku dagoen guztia egiteko prest" agertu da. "Gaiari buruzko interesa erakutsi du, eta ezin galduko dugu esperantza. Gainera, diputazioko ordezkariekin bildu ondoren gurekin harremanetan jarriko dela adierazi digu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide