Azkoitiko Udalak eta Atzegik lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, Gureak taldearekin nahiz Gureak fundazioarekin desgaitasuna duten pertsonen lan eta gizarte inklusioa bultzatzen segitzeko. Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, hitzarmenarekin desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko duen konpromisoa berresten du erakundeak.
Udala iazko apirilean batu zen Pauso Berriak proiektura, eta orduz geroztik, Ander Idoeta azpeitiar gaztea udaletxean ari da lanean. Mila orduko lan-praktikak osatzeko hasi zen Azkoitiko Udalean lanean, eta lankidetza hitzarmenari esker, bertan segituko du lanean. Atzegik eta Gureakek eskertza diploma bat eman diote Udalari; hain zuzen ere, Idoetak eman dio diploma hori Javier Zubizarreta alkateari.
Pauso Berriak programaren sustatzaileen esanetan, halako hitzarmenek erakusten dute borondatearekin eta egokitzapenekin, desgaitasuna duten pertsonek ekarpen handia egin dezaketela lan ingurune inklusiboagoak eta solidarioagoak sortzeko. Programa 2010ean jarri zuten martxan Gureakek eta Atzegik, desgaitasuna duten pertsonei ikusgarritasuna emateko eta horien inklusioa sustatzeko laneratuta eta gizarteratuta.