Azkoitiko Udalak lau peoi kontratatuko ditu eta lanpostuetan izena emateko epea ostiralean amaituko da

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 23a

Ekobailara VII proiekturako lanaldi osorako lau peoi kontratatuko ditu Azkoitiko Udalak, eta dagoeneko martxan da hautaketa prozesua. Lanpostuan izena emateko epea ostiralean, hilak 26, amaituko da. Besteak beste, mendietako sasiak garbitu eta pistak egokitu beharko dituzte langileek.

Enplegua sustatzeko martxan den Urola Ekiten programaren barruan, Azkoitiko Udalak Lanbideren laguntzarekin balio anitzeko lau peoi kontratatuko ditu, Ekobailara VII proiektua gauzatzeko. Hautaketa prozesua dagoeneko abian da, eta lanpostuetan interesa dutenek ostirala, hilak 26, baino lehen eman beharko dute izena. Lanaldi osorako kontratatuko ditu udalak peoiak; hiru langile sei hilabetetarako kontratatuko ditu, eta bestea, hiru hilabetetarako. Besteak beste, mendietako sasiak garbitu eta pistak egokitu, ateak eta hesiak konpondu, landabideetako bidegurutzeetan seinaleak jarri, iturriak konpondu eta behatokiak prestatu beharko dituzte langileek.

Hiru baldintza bete beharko dituzte izena ematen duten pertsonek. Batetik, Lanbiden-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile moduan izena emanda dauden pertsona langabeak izatea; bestetik, deialdia egin eta sei hilabete lehenago Urola Erdiko eskualdeko udalerriren baten erroldatua egotea; eta azkenik, euskarazko ahozko maila altua izatea. Horrez gain, hautatuko diren peoietatik bik denbora luzeko langabetuak izan beharko dute, eta horietatik gutxienez batek emakumea izan beharko du. Beste peoietako batek DBE jasotzen duena izan beharko du, eta besteak, 55 urtetik gorakoa.

Eskaintza Lanbideren bitartez egin beharko da, eta hautagaien zerrenda ere hark osatuko du. Erakunde horrek egingo du aurre-hautaketa ere, ezarritako ezaugarri eta baldintzak aintzat hartuta. Azkoitia.eus orrialdean irakur daitezke lanpostuen baldintza eta ezaugarri guztiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide