"Drogen kontsumoaren arriskuak murrizteko", formazio saioak eskaini ditu Azkoitiko Udalak

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 22a

Formazioan parte hartu duten ostalariak eta udal ordezkariak. (Azkoitiko Udala)

Azkoitiko Udaleko Prebentzio sailak sustatuta, egunotan formazio saioak ari dira jasotzen hainbat herritar. Besteak beste, ostalaritzako langileek parte hartu dute tailerrean, "drogen kontsumoarekin lotutako arriskuak murrizteko" eta "baliogarriak diren jarraibideak eta gomendioak" azaltzeko asmoz.

Mertxe Zubillaga Prebentzioko zinegotziak adierazi duenez, egitasmoaren helburua da ohitura osasungarriak sustatzea eta herritarrak kontzientziatzea, "kaltegarriak diren portaerak" eta horiek eragin ditzaketen "arazo fiksiko, psikiko eta sozialak" saihesteko. "Drogen kontsumoaren prebentzioa guztion arazoa da. Erakundeon, gizarte-eragileen, familien eta eskolaren inplikazioa eskatzen du eta horretan ari gara lanean", esan du.

Irene Barrasa gizarte psikologoa ari da saioak eskaintzen, eta bere hitzetan, formazioan parte hartzen ari diren ostalariei jarraibideak eman dizkie "izu-krisi, paranoia edo liskar" baten aurrean nola jokatu jakin dezaten.

Udalak jakinarazi duenez, Gaztediako hezitzaileek ere jaso dute tailerra, eta asteazkenean udaltzainen txanda izango da.

Prebentzio kanpaina andramarietan

Bestalde, Andramari jaietan sentsibilizazio kanpaina zabaldu du udalak, Ondo pasa, pasatu gabe. Azkoitia osasuntsua, Azkoitia bizia. Kontsumoaren eta horrek eragin ditzakeen ondorioez ohartaraziko dute kanpainaren bidez, eta horretarako, abuztuaren 14an, alkoholemiaren froga prebentiboa egiteko stand-a jarriko dute. Era berean, jaietan zehar alkoholimetroak banatuko dituzte tabernetan eta txosnetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide