Azkoitri triatloi klubak antolatuta, seigarren urtez Duatloi Herrikoia jokatuko dute gaur Azkoitiko kaleetan zehar. 18:30ean hasiko da proba Plaza Berrian, eta kirolariek bi kilometro korrika, 5,2 kilometro bizikletan eta lasterka beste kilometro bat egin beharko dute. Antolatzaileek adierazi dutenez, momentuz 35 pertsonak eman dute izena duatloian, baina gaur eguerdira arte ez da itxiko izen-ematea. Iaz baino parte hartzaile gehiago izango dira aurten. Gainera, aurreko urteko edizioarekin konparatuta, emakumeen parte hartzeak nabarmen gora egin duela azpimarratu dute Azkoitri triatloi klubek kideek; bikoiztu egin da kopurua.
Probaren azken edizioak larunbatez jokatu izan dituzte, baina urtez urte beheraka joan da parte hartzea, eta aurten, lehenengo edizioan egin zuten bezala, ostiral arratsaldez lehiatuko dira kirolariak. Beste hainbat aldaketa ere izango da proban; boxak, adibidez, lekuz aldatu dituzte, eta Plaza Berrian jarriko dituzte, herritarrek lehiaketaren atal hori ere ikusteko aukera izan dezaten. Ibilbidean ere aldaketa txiki batzuk egin ditu klubak.
Azkoitrik gogoratu du proba herrikoia dela gaur jokatuko dena. Horrenbestez, federatutakoak podiumean sailkatzen badira ere, ez dute garaikurrik jasoko. Bestalde, aurrena helmugaratzen den lehen bikote mistoak ere saria jasoko du gaur.