Azkoitiko ondarea ezagutzeko bisita gidatu sorta prestatu dute

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 18a

Beste urte batez, Azkoitiko ondareaz gehiago jakiteko asmoz, bisita gidatuak egingo dituzte udan zehar. Ezagutu Azkoitiko Altxorrak izenpean, Santa klara komentua, herriko plaza, parrokia, Balda Dorrean dagoen San Inazioren kapera, Intsausti jauregia eta San Martingo ondaregunea "modu sakonagoan" ezagutzeko saioak egingo dituzte uztailean eta abuztuan. Horrez gain, Inaziotar Azkoitia eta Zalduntxoen historia gaitzat hartuta, beste hainbat bisita ere prestatuko dute.

Larunbat honetan ekingo diete bisita gidatuei, Munoaundi Burdin Aroko herri harresituan. Urtez urte han egiten dituzten indusketa lanak eta duela 2.000 urte hango biztanleak nola bizi ziren ezagutzeko parada izango dute saioan parte hartzen dutenek. Arratsaldean, berriz, Santa Klara komentura egingo dute bisita. Igandean, berriz, Inaziotar Azkoitia izenpean egingo dute saioa, eta hara bertaratzen direnek Loiolako Inaziori lotutako Azkoitiko txokoak bisitatu eta istorioak ezagutuko dituzte.

Uztailaren 27an eta 28an, berriz, plaza eta Balda Dorreko San Inazioren kapera bisitatuko dituzte, hurrenez hurren. Gainera, hainbat egunetan parrokiai ireki egingo dute herritarrentzat.

Aurtengo bisita gidatuen eskaintza organo kontzertuekin osatu dute antolatzaileek. Hori hala, Loreto Aramendik organo kontzertua eskainiko du abuztuaren 7an parrokian, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan.

Abuztuan eta irailean ere egingo dituzte bisita gidatuak, eta horien inguruko informazio osoa eskuratu nahi duenak i-loiola@urolaturismo.eus atarira idatzi edo 943-15 18 78 telefono zenbakira dei dezake.

Ikusi egitarau osoa, hemen:

Uztailak 20, larunbata:

11:00: Abaraxka aterpetxetik abiatuta bisita gidatua Munoaundi burdin aroko herri harresitura.

18:30: Bisita gidatua Santa Klara komentua.

Uztailak 21, igandea:

12:00: Parrokiatik irtenda bisita gidatua: Inaziotar Azkoitia.

Uztailak 27, larunbata:

11:00: Parrokia irekiko da.

12:00: Herriko Plaza bisita gidatua, udaletxea, azoka, jauregiak eta pilota, ardatz hartuta.

Uztailak 28, igandea:

11:00-13:00: Balda dorretxeko San Inazioren kapera irekiko da.

12:00: Bisita gidatua.

Abuztuak 3, larunbatean.

11:00: Parrokia irekiko da.

12:00: Parrokiatik irtenda bisita gidatua.

Abuztuak 4, igandea.

12:00: Amabirjinaren Jasokunde Parrokia bisita gidatua.

Abuztuak 7, asteazkena.

20:00: Parrokian, Donostiako Musika Hamabostaldiak antolatuta, Loreto Aramendiren organo kontzertua.

Abuztuak 10, larunbata.

12:00: San Martin ondaregunea bisita gidatua.

Irailak 8, igandea.

12:00: Gune historikoan bisita gidatua, parrokiatik irtenda.

Irailak 14, larunbata:

12:00: Bisita gidatua: Intsausti Jauregia - Azkoitiko Zalduntxoak.

 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide