Apustu etxeen gaia "sozializatu beharra" dagoela aldarrikatu dute Igor Meltxorren hitzaldian

Maxixatzen.eus 2019ko uztailaren 18a

Azkoitiko herritar talde batek "gaia sozializatzeko eta kontzientziazio lana" egiteko beharra ikusi du, eta horretarako bilera egingo dute ostiralean, Elkargunean. Horren harira, atzo, asteazkena, hitzaldia eskaini zuen Igor Meltxorrek. Maxixatzenek saioaren kronika egin du.

Elkarguneko aretoa, atzo, Meltxorren hitzaldian. (Maxixatzen)

Azkoitian apustu etxe bat ireki berri dutela eta, herritar talde bat bildu eta inguruko herrietan eman zaien "antzeko erantzuna" eman nahi diete. "Azkoitian ez da egon apustu etxeen inguruko erantzunik edo iritzirik", azaldu zuten hitzaldia baino lehen. Lokal horiei "erantzuteko iritzi kritiko bat" sortzea dute helburu. Azaldu zutenez, gune horiek "normaltasunez eta lasaitasunez" erabiltzen dira, eta "gaia sozializatu beharra" dagoela azpimarratu zuten, "hitz egiteko" eta "kontzientziazio lana" egiteko. Gaineratu zuten, "negozio horiek arazo sozialak eta norbanakoak" sortzen  dituztela. Hori horrela, herritar taldeak Igor Meltxor ekarri zuen Azkoitira, gaia lantzeko.

Meltxorrek Azkoitian emandako hitzaldia "gaia lantzen hasteko bidea" izatea nahi dute. Ostiralean, uztailak 19, Elkarguneko gela batean bilera irekia egingo dute "ikuspuntu desberdinetatik gaia nola landu" daitekeen hitz egiteko. "Giza ikuspuntutik eta herrira begira zer egin daitekeen" aztertuko dute ostiralean, 18:00etan. 

Maxixatzen Azkoitiko herri komunikabideak atzoko hitzaldiaren kronika egin du, eta hemen irakur daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide