Azkoitiko Musika Bandak botako du Andramari jaietako txupinazoa

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 18a

150 urte bete berri ditu Azkoitiko Musika Bandak, 1868an ekin baitzion bere ibilbideari. Horren harira, Azkoitiko Udalaren arabera, "ondo merezia" du taldeak "herriaren txalo zaparrada".

Azkoitiko Musika Bandak botako du txupinazoa. (Azkoitiko Udala)

150 urte bete berri ditu Azkoitiko Musika Bandak, 1868an ekin baitzion bere ibilbideari. Urte horietan guztietan herrian eta herriarentzat sortu du musika, eta kaleetan barrena zoriontasuna zabaldu du. "Horregatik guztiagatik, Musika Bandak duen historiagatik eta herritar guztiok bandarekin dugun zorra arintzeko modua delako, aurtengo andramarietako txupinazoa botatzeko ohorea Musika Bandak izango du", azaldu du Azkoitiko Udalak.

"Musika Bandarik gabe, Azkoitia ez litzateke basamortu musikal bat izango, hor daudelako, besteak beste, txistulariak, dantza taldeak, abesbatzak edota Bizkargi musika eta dantza eskola, baina apur bat tristeagoa izango litzateke", adierazi du udalak. Horren harira, erakundeak dio Musika Bandak abuztuaren 14an udaletxeko balkoira igo eta txupinazoa botatzeko "arrazoiak soberan" dituela, eta "ondo merezia" duela "herriaren txalo zaparrada".

Udaleko Festa Batzordeak atzo, asteazena, adostu zuen txupinazoa Musika Bandak botatzeko erabakia, alderdi guztien oniritziarekin. Urtero legez, txupinazoa bota aurretik, 11:30 inguruan, omenaldia egingo diote taldeari udaletxean, eta ekitaldira gonbidatuta daude "bandatik igaro diren musikariak eta gaur egungo kideak, banda bere sentitzen dutenak, eta nola ez, bertaratu nahi duten herritar guztiak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide