Aizpurutxoko zeharbidean oinezkoentzako lotura egiteko proiektua onartu du Foru Aldundiak

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 16a

Foru erakundeak abian jarri du GI-631 errepidea Azkoitia eta Urretxu artean hobetzeko proiektuaren lehen fasea. Aizpurutxon bertan, errepidearen ondoan, oinezkoentzako bi metro zabal izango den espaloia egingo dute, eta auzoaren erdigunean, ibaia gurutzatzen duen zubi bat ere eraikiko dute. Obrak 2020 hasieran gauzatzea dago aurreikusita; lau hilabeteko iraupena izango dute lanek, eta 341.000 euroko aurrekontua.

Aizpurutxoko zeharbidean oinezkoentzako lotura paraleloa egiteko proiektua onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak. Modu horretan, foru erakundeak abian jarri du GI-631 errepidea Azkoitia eta Urretxu artean hobetzeko proiektuaren lehen fasea. Fase horretan, Aizpurutxo auzoan egingo dituzte egokitzapenak. Jarduketaren helburua da ibilgailuen zirkulazioa eta oinezkoena bereiztea. Egungo errepidearen plataformak ez du banaketa hori posible egiteko behar adina espazio; beraz, obren bidez, zabaldu egin nahi dituzte eremu horiek. Horrela, Erdikobenta eta Ibaiondo artean, errepidea mendirantz eramango dute, eta oinezkoentzako bidea galtzadaren ondoan eraikiko dute. Bestalde, Aizpurutxo baserriaren parean, oinezkoentzako bidea ibaiaren beste aldera igaroko da; horretarako, zubi bat eraikiko dute. Obrak 2020 hasieran gauzatzea dago aurreikusita; lau hilabeteko iraupena izango dute lanek, eta 341.000 euroko aurrekontua. 

Eider Mendoza foru bozeramaileak agerraldia egin du gaur, Diputatuen Kontseiluak foru jauregian egin duen asteroko bileraren ostean. Han azaldu duenez, Azkoitia-Urretxu errepidea hobetzeko proiektua "oso garrantzitsua" da, eragin zuzena izango baitu bai Urola Erdiko herritarren ongizatean, bai eskualdearen lehiakortasun ekonomikoan. "Errepide honetatik 3.300 ibilgailu igarotzen dira egunero; horietatik % 10 astunak", azpimarratu du bozeramaileak.

Azkoitia eta Urretxu arteko errepidearen hobekuntza aldundiaren "proiektu estrategikoetako bat" da agintaldi honetan, eta Mendozak azpimarratu duenez, bete egingo da aldundiak hartutako konpromisoa. "Errepide honen hobekuntza aldarrikapen historikoa da Urola Erdian, GI-631 errepideak Gipuzkoako Biribilgunearekin eta Zumarragako ospitalearekin lotzen baitu eskualdea. Erabaki honekin, beraz, abian jartzen dugu eskualde honekiko zorra kitatzeko prozesua", nabarmendu du.

Mendozak gogorarazi du Azkoitia-Urretxu errepidea hobetzeko proiektuak hainbat lan lerro dituela barnean: hirugarren lerroa jartzea, bide segurtasuna hobetzeko; zenbait bihurgune hobetzea; eta Aizpurutxoko zeharbidea hobetzea. "Gaurko erabakiak, beraz, abian jartzen du fase horietatik lehena, Aizpurutxoko zeharbideari dagokiona", azaldu du.

Proiektua idaztea 2018ko abenduan amaitu zuen aldundiak, eta aurtengo martxoan jendaurreko erakustaldian jarri dute. Gaur, foru gobernuaren erabakiarekin, proiektuak "etapa garrantzitsu bat" gainditu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide