Iruñeko sanferminetako Errekortarien Uztai Lehiaketa irabazi duzu Ander Lizarralderekin. Nola sentitzen zara?
Oso gustura gaude Ander eta biok, sorpresa izan da lehiaketa irabaztea. Egia da aurten oso indartsu hasi ginela txapelketetan, baina sanferminetako uztai lehiaketa maila handikoa izan ohi da, eta ez genuen espero hain emaitza ona izaterik. Zortea izan genuen, eta zorte horretaz baliatuta, txapelketa irabaztea lortu genuen.
Noiz hasi zinen uztaien lehiaketetan parte hartzen?
Joan den urtean hasi ginen liga honetan parte hartzen Ander eta ni bikote moduan. Urte batzuk lehenago, beste lehiaketa batzuetan aritu izan ginen biok aparte, baina aurreko urtean batera parte hartzea erabaki genuen. Iaz Espainiako Txapelketako finalera sailkatzerik ez genuen lortu, azken momentuan huts egin eta laugarren postuan gelditu baikinen.
Hiru minututan hiru uztai sartu zenizkioten behiari. Emaitza ona al da?
Txapelketa bakoitza desberdina izan ohi da; behi bakoitzaren arabera, uztaiak sartzea konplikatuagoa ala sinpleagoa izan liteke. Iruñean, hiru minututan hiru uztai sartuta irabazi genuen lehiaketa, baina txapelketa errazagoetan, adibidez, sei edo hamar uztai sartu ohi ditu bikote irabazleak. Behien araberakoa da sartu ohi den uztai kopurua.
Nolatan hasi zineten txapelketa hauetan lehiatzen?
Txikia nintzenetik dut ganaduarekiko zaletasuna, eta nire jostailuak ere animaliekin lotutakoak izan ohi ziren beti; nik uste hortik datorrela zaletasuna. Orain arte arraunean ibili naiz, eta bi kirolak batera ezin nituen uztartu. Arrauna utzi eta uztai lehiaketetan aritzea erabaki nuen.
Espainiako Liga Nazionalean postu onean zaudete orain.
Bai, urtean 30 txapelketa inguru izan ohi dira, eta aurten, momentuz, zazpi egin ditugu. Iaz, hasi ginenean, gure helburua ahal zen txapelketa guztietan parte hartzea zen; izan ere, txapelketetan lehiatu ahal izateko ezinbestekoa da enpresetatik deitzea. Txapelketa bakoitzean, gehienez, hamabi bikote lehiatzen gara, eta plaza guztietan lehiatzeko, bederatzi bikote onenen artean egotea lortu behar duzu. Aurreko urtean ligan finkatzea eta enpresek dei ziezaguten lortu genuen, eta aurten nahiko eroso sentitzen gara, txapelketa guztietan baikaude eta itxura ona eman baitugu. Aurten, gure helburu nagusia Zaragozako txapelketara indartsu heltzea eta Espainiako Txapelketako final nagusian lehiatzea da.
Hemendik aurrera zein proiektu edo asmo dituzu?
Aurten, Espainiako Txapelketaren finalera heldu nahi dugu, eta han itxura ona ematea. Datorren urtera begira, ikusi beharko da Anderrek eta biok elkarrekin jarraitzeko aukera badugun ala ez. Uztai lehiaketek psikologikoki asko nekatzen dute, batetik bestera ibiltzen gara autoan, lehiaketa asko Aragoin [Espainia] izaten baitira. Bestalde, beldurrak eta segurtasunak ere eragin handia dute lehiatzeko orduan, eta hori kontrolatzen jakitea ere zaila da. Erabakiko dut zer egin hemendik aurrera.