Sebastian Elorza Azkoitiko txirrindulari ohia omendu dute

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 9a

KAS txirrindulari taldean aritu zen Sebastian Elorza azkoitiarra urte askoan, eta omenaldia jaso du Burgosen (Espainia) taldeko gainontzeko kideekin batera. Elorzak hainbat itzuli internazionaletan parte hartu zuen 60. eta 70. hamarkadan, hala nola Italiako Giroan, Frantziako Tourrean eta Espainiako Vueltan.

1962. urtetik 1971. urtera txirrindulari profesionala izan zen Sebastian Elorza azkoitiarra, eta joan den hileko azken asteburuan KAS txirrindulari taldeko gainontzeko kideekin batera omendu zuten Burgosen (Espainia). KAS taldea Burgoseko Espinosa de los Monteros herrian bildu ohi zen denboraldia prestatzeko 60. hamarkadan, eta han jaso zuten omenaldia Elorzak eta bere taldeak.

Elorza munduko hainbat itzulitan lehiatu zen, hasieran Funcor taldearekin, eta ondoren, KAS taldearekin; besteak beste, Frantziako Tourrean, Italiako Giroan, Espainiako Vueltan eta Munduko Errepideko Txirrindulari Txapelketan aritu zen. Hainbat garaipen ere lortu zituen txirrindulari azkoitiarrak, hala nola 1962ko Ordiziako Klasika, 1965eko Euskal Bizikleta eta 1969ko Errioxako Itzuliko lehen etapa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide