Azkoitiko Duatloi Herrikoia jokatuko dute hilaren 19an, eta izena eman daiteke

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 8a

Azkoitri triatloi klubak antolatu du seigarren urtez proba, eta lasterketak ahalik eta parte hartze handiena izan dezan, hainbat aldaketa izango du aurten.

Azkoitri triatloi klubak antolatuta, seigarren urtez Duatloi Herrikoia jokatuko dute uztailaren 19an, ostiralez, Azkoitiko kaleetan zehar. 18.30ean hasiko da proba Balda plazatik, eta kirolariek bi kilometro korrika, 5,2 kilometro bizikletan eta lasterka beste kilometro bat egin beharko dute. Taldeak dagoeneko zabaldu du izen-ematea, eta parte hartzaileek probaren eguneko 12:00ak bitartean izango dute inskribatzeko aukera. Gehienez, 50 lagunek parte hartu ahal izango dute proban, eta horiek triatloi.org atarian eman beharko dute izena.

Azkoitiko Herrikoi Duatloiaren azken edizioak larunbatez jokatu izan dituzte, baina urtez urte beheraka joan da probaren parte hartzea, eta aurten, lehenengo edizioan egin zuten bezala, ostiral arratsaldez lehiatuko dira kirolariak. Izan ere, antolatzaileen asmoa da probak ahalik eta parte hartze altuena izatea, eta horregatik aldatu dute hitzordua. Horrez gain, beste hainbat aldaketa ere izango da parte hartzea bermatzeko asmoz. Kirolariek bost euro ordaindu beharko dute izena ematen dutenean, baina egunean bertan dortsala jasotzen dutenean, antolatzaileek itzuli egingo diote ordaindutakoa.

 Bigarren irteera, taldean egiteko

Azkoitrik gogoratu du proba herrikoia dela uztailaren 19an jokatuko dutena. Horrenbestez, federatutakoak podiumean sailkatzen badira ere, ez dute garaikurrik jasoko. Bestalde, aurrena helmugaratzen den lehen bikote mistoak ere saria jasoko du aurten, parte hartzea sustatzeko asmoz. Horrez gain, triatloia probatu nahi baina "zalantzak" dituenak ere izango du aukerarik proba horretan. Izan ere, klubeko hainbat kideren laguntzarekin eta taldean egiteko bigarren irteera bat egongo da lasterketan, irteera ofiziala hasi eta minutu batera. Antolatzaileen esanetan, "presiorik gabe" eta "erritmo lasaian" egiteko parada izango dute horren aldeko hautua egiten dutenek. Ordea, probaren sailkapenetik kanpo geratuko dira horiek.

Ohiko ibilbidea izango du probak. Balda plazatik abiatuta, herriko kaleak zeharkatuko dituzte korrika, eta Munategiko industrialera joango dira, bi kilometroko ibilbidea osatu arte. Ondoren, beste 5,2 kilometro egingo dituzte bizikletan, eta amaitzeko, korrika egingo dute beste kilometro bat. Balda plazan amaituko da proba. Ildo horretan, fisikoki zein materialari dagokionez inork arazoren bat izango balu, taldeak azpimarratu du "ahal duen neurrian" haiei laguntzen saiatuko dela. Horretarako, herritarrak klubarekin jar daitezke harremanetan, azkoitikott@gmail.com helbidera idatzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide