Kamera eskuan, batera eta bestera ibiltzen da Ainhoa Beristain (Azkoitia, 1987) musika emanaldietan. «Momentuak harrapatzen» ibiltzen dela dio. Soinuak islatzen argazki erakusketa jarri du Azkoitiko Zakela tabernan, eta uztailaren 27ra arte izango da azkoitiarraren argazkiak ikusteko aukera.
Soinuak islatzen izena du erakusketak. Zergatik?
Zalantza izan nuen erakusketa honetan kontzertuetako argazkiak ipini edo beste zerbait erakutsi. Orain arte, beste lau erakusketa egin ditut, eta apur bat aldatzeko intentzioa nuen oraingoan. Jendeak nire aurreko erakusketetan ikusi ez duen zerbait erakutsi nahi nuen, baina denbora faltagatik, azkenean, kontzertuetako argazkiak jartzea erabaki nuen erakusketa honetan ere. Hortik dator Soinuak islatzen izenburua.
Noiz hasi zinen argazkiak ateratzen?
2013. urtean hasi nintzen argazkiak ateratzen. Betitik gustatu izan zait argazkilaritza, baina ordura arte ez nuen izan aukerarik kamerarik erosteko, eta ideia handirik eduki gabe, Matadeiko kontzertuetako argazkiak ateratzen hasi nintzen. Lagun batek animatu ninduen zeregin horretara, eta objektiboa berak utziko zidala esan zidan; halaxe hasi zen guztia. Dakidan guztia Matadeixen ikasi dut.
Zer eman dizu argazkilaritzak?
Txikitatik gustatu izan zait musika, eta bizitza osoa daramat musika jaialdietara eta kontzertuetara joaten. Argazkilaritza niretzat kontzertuetako uneak islatzeko modu bat da, adierazteko modu bat.
Gustatzen zaizkizun emanaldietara bakarrik joaten al zara?
Normalean, bai. Tokatu izan zait noiz edo noiz jaialdiren batean kontratatu izana, edo talde batek argazki bilduma bat egiteko eskatu izana, baina normalean neure kabuz ibiltzen naiz argazkiak ateratzen. Nik, berez, hezkuntza arloan egiten dut lan, eta argazkilaritza afizio dut. Argazkiak ateratzeko kontratatzen banaute, hala ere, gustura onartzen ditut eskaintzak.
Nolako argazkiak ateratzea gustatzen zaizu?
Kontzertuetako argazkiak egiterakoan gozatzen dut gehien. Bestalde, bidaiatzea asko gustatzen zait; aurreko urtean, bikotekidea eta ni Japonian izan ginen, eta han ere argazki mordoa atera nituen. Dena den, kontzertuek ematen duten bizitasunarekin gelditzen naiz: gauzak azkar egin behar dituzu musika emanaldietan, argia ere azkar kontrolatu behar duzu eta hor transmititzen den emozioa desberdina da. Beste alor batzuk ere jorratu izan ditut; adibidez, nire lagun batzuk haurdun egon zirenean, argazkiak atera nizkien.
Plano zabalak edo motzak, zein dituzu nahiago?
Momentuak gertutik bizitzea gustatzen zait, eta horregatik, nire argazkietako asko plano motzak izan ohi dira. Kontzertu baten atzeko aldean baldin bazaude, ez duzu horrenbeste bizitzen unea, bertatik bertara, aldiz, bai.
Kamerez gain, mugikorrek ere argazki onak ateratzen dituzte egun. Zein da argazkilari batek eman dezakeen balio erantsia?
Kamera baino garrantzitsuagoa da argazkilariaren begia, eta baita esperientzia ere. Ni 300 euroko kamera eskas batekin hasi nintzen argazkiak ateratzen, eta horrekin ikasi nuen orain dakidan dena. Urte batzuk beranduago, kamera hobea erosi nuen, eta baita objektibo berri bat ere; garrantzi handiagoa ematen diot objektiboari kamerari baino. Gaur egun ateratzen ditudan argazkien kalitatea hobea izan arren, hasierako kamerarekin asko ikasi nuen. Argazki onak ateratzeko, beste argazki batzuk kontsumitzea da gakoa, argazkilariek argazkiak nola ateratzen dituzten ikustea, kamerak nola funtzionatzen duen jakitea eta ikusmena lantzea.
Posible ikusten al duzu argazkilaritzatik bizitzea noizbait?
Egin nahi duzunaren araberakoa da hori. Niri, adibidez, kontzertuetara joatea gustatzen zait, eta hortik bizitzea oso zaila ikusten dut. Jaiotza, jaunartze eta ezkontzetan argazkiak ateratzetik ez bada, ez da batere erraza ar