VIII. Cricket Txapelketa jokatuko dute asteburuan Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 3a

Zortzigarren urtez, cricketak hartuko ditu Azkoitiko Oteiza pilotalekuak asteburuan. Izan ere, beste behin ere Cricket Txapelketa jokatuko dute frontoi horietan, eta aurtengoan, honako udalerri hauetako ordezkariak lehiatuko dira: Arrasate-Eibar, Gasteiz, Urretxu-Zumarraga, Agurain, Donostia, Zestoa-Azpeitia eta Azkoitia. Azken horrek bi talde izango ditu. Guztira, 56 lagunek parte hartuko dute txapelketan.

Larunbatean hasiko dituzte partidak, eta igandera arte luzatuko da txapelketa, egun horretan jokatuko baitituzte finalak. Antolatzaileen arabera, eguraldi txarra eginez gero, hurrengo asteburura atzeratuko dituzte norgehiagokak.

Pakistandarren komunitateak parte hartuko du txapelketan, herrialde horretan gehien praktikatzen duten kirol baita cricketa, belar-hockeyarekin batera. Azkoitiko Udala da egitasmoaren laguntzailea, eta haren arabera, "hain ezaguna ez den kirola ezagutzeko" eta "aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko" aukera ematen du txapelketak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide