Emakumezkoen Triatloiaren irabazlea

Ihintza Urain: "Izugarria izan zen larunbatean horrenbeste emakume ikustea"

Ane Olaizola 2019ko uzt. 3a, 10:07

Triatloia probatzearekin bat eskuratu du Ihintza Urainek kirol horretan lehenengo garaikurra; XI. Emakumezkoen Triatloia irabazi zuen larunbatean Donostian.

Ihintza Urainek (Azkoitia, 1995) larunbatean Donostian jokatutako XI. Emakumezkoen Triatloia irabazi zuen. Azkoitiarra ez zen helmugaratu aurrena, baina federatu gabeko azkarrena izan zen; beraz, emakumearen parte hartzea sustatzea helburu duen proba herrikoiaren garaikurra jaso zuen kirolariak.

Bigarren sailkatu izanagatik, Emakumezkoen Triatloia irabazi duzu. Espero al zenuen garaipena?

350 emakume inguruk parte hartu genuen lasterketan, federatuek nahiz federatu gabekoek. Emakumezkoen Triatloia txapelketa herrikoia da, eta antolatzaileek balio berezia eman nahi zioten federatuta ez dauden emakumeen parte hartzeari; helmugara azkarrena iritsi zen kirolaria federatuta zegoen, eta antolatzaileek erabaki zuten federatuta ez zegoena saritzea. Ni bigarren sailkatu nintzenez eta federatuta ez nagoenez, garaikurra niri eman zidaten.

Ez nuen inondik inora espero txapelketa irabaztea. Kirol asko egiten dut, eta pentsatzen nuen niretzat ona zen denboraren bat lortuko nuela. Dena den, harrituta geratu nintzen lortutako emaitzarekin.

Nolako lasterketa egin zenuen?

Larunbatekoa esperientzia berria izan zen niretzat, lehenengo aldiz parte hartu bainuen triatloi txapelketa batean. Igerian eta korrika ibiltzen naiz, baina txirrindularitzan ez daukat ideia handirik. Triatloia egiten ari nintzala, ordea, sentipen oso onak eduki nituen, eta oso lasterketa polita atera zitzaidan. Asko gozatu nuen lasterketaz, eta lehiatu baino, disfrutatu egin nuen proban. Asmo horrekin atera nintzen lasterketan, eta halaxe egin nuen.

Nolatan animatu zinen proban parte hartzera?

Emakumezkoen Triatloia emakumeen aldeko lasterketa da, eta lagunartean joan ginen hara. Kuadrillako zazpi bat lagunek parte hartu genuen, eta horietako batzuek kirol asko praktikatzen ez badute ere, guztiek amaitu zuten larunbateko proba. Hori oso garrantzitsua dela iruditzen zait; izan ere, kirol asko egiten dugunok ziurrenik aurrealdean ibiliko gara, baina guztien parte hartzea da goraipatzekoa. Adin guztietako emakumeak ikus zitezkeen lasterketan, 18 urtera iristen ez zirenetatik hasi eta helduetaraino. Hori da aintzat hartu beharko genukeena.

Noiztik zabiltza triatloian?

Larunbateko lasterketan probatu nuen triatloia. Betidanik gustatu izan zait kirola egitea, eta ikusi nuenean emakumeen lasterketa zela, eta gainera, probak distantzia motzak zituela, probatzea pentsatu nuen.

Orain, kirol horretan sakontzeko asmorik ba al duzu?

Triatloia gustatu egin zait, eta ikusiko dut orain zer bide hartu. Larunbateko sentipenak asko gustatu zitzaizkidan, baina ez dut gogoko kirol batean buru-belarri murgiltzea; denetatik pixka bat praktikatzea nahiago dut. Hain justu, triatloiak hori ahalbidetzen du, baina oraingoz ez dut bizikletarik, eta beraz, ikusiko dut zer egin.

Erronkarik jarri al diozu zure buruari?

Ez. Zeharkaldi askotan izena emanda nago, eta agian, Azkoitiko Duatloi Herrikoian ere parte hartuko dut. Batez ere, proba herrikoiak interesatzen zaizkit, parte hartzea lehenesten dutenak.

Zer iruditzen zaizu emakumeei zuzendutako lasterketak antolatzea?

Emakumezkoen Triatloia jokatu eta biharamunean, distantzia luzeagoa zuen triatloia jokatu zuten Donostian bertan, eta emakumeek zein gizonek parte hartu zuten han. Halakoetan gertatzen den moduan, emakumeen parte hartze txikia izan zuen proba horrek; larunbatean, berriz, horrenbeste emakume ikustea izugarria izan zen. Askotan emakumeok pentsatzen dugu triatloia ez dela guretzat, baina bada. Asko egin dezakegu guk ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide