Azkoitiko Herrixen dendari elkarteak lelo lehiaketa jarri du martxan

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 27a

Herria merkataritza txikiaren inguruan sentsibilizatzeko helburuarekin, lelo lehiaketa antolatu du Azkoitiko Herrixen dendari elkarteak. Leloek azkoitiarrez idatzita egon beharko dute, eta hamar hitz izan beharko dituzte gehienez. Uztailaren 15a izango da lehiaketan parte hartzeko azken eguna, eta uztailaren 29an emango dute irabazlearen berri. Dendari elkarteak guztira 50 euroko hiru bono banatuko ditu lehiakideen artean.

Lelo lehiaketa jarri du martxan Azkoitiko Herrixen dendari elkarteak, azkoitiarrak merkataritza txikiaren inguruan sentsibilizatzeko helburuarekin, eta hainbat sari eskuratu ahal izango dituzte lehiaketan nahiz leloa aukeratzeko bozketan parte hartzen duten herritarrek.

Lehiaketan parte hartzeko, Herrixen dendari elkartearen facebookeko orria jarraitu berharko da. Ondoren, leloa aurkeztu beharko da; azkoitiarrez idatzita egon beharko dute leloek, eta gehienez hamar hitz izan ditzakete. Azkenik, uztailaren 15a, astelehena, baino lehen bidali beharko dute leloa parte hartzaileek, eta hiru modu daude horretarako: herrixen@herrixen.eus helbidera idatzita, Instagram edo Facebook sare sozialetatik mezu pribatu bat bidalita edo Herrixen dendari elkarteko postontzian utzita. Leloa bidaltzerakoan harremanetarako izen abizenak eta telefonoa gehitu beharko dituzte lehiakideek.

Sariei dagokionez, 50 euroko hiru bono banatuko ditu dendari elkarteak; uztailaren 29rako boto gehien lortu duen leloak eskuratuko du bono bat, lelo onena aukeratzeko bozketan parte hartutako herritarren artean zozkatuko dute beste bonoa, eta hirugarren bonoa, lehiaketan parte hartu duten lehiakide guztien artean zozkatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide