Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen osteko lehen ezohiko udalbatzarra egin zuten atzo, asteazkena, Azkoitian. Besteak beste, osoko bilkuren maiztasuna, batzorde informatiboen eraketa, bozeramaileak, udal erakundeen ordezkaritzak, liberatuak eta soldatak zein diru-sariak adostu zituzten bilkuran.
Joan den agintaldian bezala, lau batzorde izango dira Azkoitiko Udalean: Antolakuntza Batzordea, Gizarte Batzordea, Lurralde Batzordea eta Aisialdi Batzordea. Talde politiko guztiek aho batez onartu zuten batzorde horien eraketa. Horiekin batera, batzorde informatibo berezi bat ere izango da: Kontuen Batzorde Berezia. Batzorde bakoitzean EAJko hiru ordezkarik parte hartuko dute, EH Bilduko bik eta PSE-EEko eta Azkoitia Baiko banak. Talde bakoitzak erabakiko du nork ordezkatuko duen alderdia batzorde horietan.
Horri lotuta, emendakin bat aurkeztu zuen EH Bilduk. Hain zuzen ere, batzorde horietan herritarrek parte hartzeko aukera izan dezaten, saioak publikoak izatea eskatu zuen koalizioak. Dena den, EAJren eta PSE-EEren aurkako botoekin ez zen onartu proposamena. Ana Azkoitia EAJren zinegotziak nabarmendu zuen herritarrek badutela udalbatzarretara joateko aukera, eta ez dela beharrezkoa haiek batzordeetan parte hartzea.
Sailetako buruak, zehaztuta
Guztira, lau batzorde izango badira ere, batzorde horien pean sail gehiago izango dira. Honako hauek izango dira sail horietako buruak:
- Ogasuna, barne antolakuntza, sustapen ekonomikoa, parte hartzea eta herritarren arreta zerbitzuko delegazio orokorra: Ana Azkoitia (EAJ).
- Gizarte zerbitzuak, integrazioa, berdintasuna eta prebentzio gaiei dagokien delegazio orokorra: Janire Igoa (PSE-EE).
-Berdintasunarena eta prebentzioaren delegazio berezia: Mertxe Zubillaga (EAJ). - Ingurumena, landa garapena, obrak eta zerbitzuetako delegazio orokorra: Imanol Arrizabalaga (EAJ).
- Euskara eta hezkuntza gaiei dagokien delegazio orokorra: Marijose Arregi (EAJ).
- Kultura, gazteria eta aisialdiaren delegazio orokorra: Sonia Vazquez (EAJ).
- Kirola eta festen delegazio berezia: Angel Martin (EAJ).
- Turismoa eta ondarearen delegazio berezia: Juan Bautista Mendizabal (EAJ).
Soldaten eta liberazioen inguruan, eztabaida
Udaleko kideen ardurak zehaztearekin batera, haien diru-sariak ere izan zituzten hizpide atzokoan. Alkateak %100eko dedikazioa izango du, eta 71.200 euro eskuratuko ditu urtean. Zinegotzi liberatuek, berriz, honako soldata hauek jasoko dituzte:
- Ogasuna, barne antolakuntza, sustapen ekonomikoa, parte hartzea eta herritarren arreta zerbitzuko zinegotzi delegatuak %100eko dedikazioa izango du, eta 67.640 euro jasoko ditu urtean.
- Ingurumena, landa garapena, obrak eta zerbitzuetako zinegotzi delegatuak %100eko dedikazioa izango du, eta 49.840 euro jasoko ditu urtean.
- Gizarte zerbitzuak eta integrazio zinegotzi delegatuak %55eko dedikazioa izango du, eta 35.244 euro jasoko ditu urtean.
- Berdintasuna eta prebentzio zinegotzi delegatuak %20ko dedikazioa izango du, eta 12.816 euro jasoko ditu urtean.
- Festak eta kirola zinegotzi delegatuak %25eko dedikazioa izango du, eta 16.020 euro jasoko ditu urtean.
- Kultura eta gazteria zinegotzi delegatuak %40ko dedikazioa izango du, eta 25.632 euro jasoko ditu urtean.
- Turismo eta ondare zinegotzi delegatuak %40ko dedikazioa izango du, eta 25.632 euro jasoko ditu urtean.
Gainera, oposizioak %100eko dedikazioarekin ariko den zinegotzi liberatua izango du, eta hark 44.856 euro jasoko ditu urtean. Dena den, gai horren harira, emendakina aurkeztu zuen EH Bilduk, eta ezinbestean liberatu bat izen ordez, %100eko liberazioa zinegotzi gehiagoren artean banatzeko eskaera egin zuen. Azkoitia Bai ados agertu zen EH Bilduk egindako eskaerarekin, baina EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten. Beraz, ez zuten onartu EH Bilduren eskaera.
Udal ordezakarien liberazio kopuruak eta horien soldatek eztabaida eragin zuten udalbatzarrean. EH Bilduk salatu zuen zinegotzien soldatak "oso-oso altuak" direla Azkoitirako, baina esan zuen legeak baimendu egiten dituela eta horren aurrean ezin dutela ezer egin. "Ez zaigu iruditzen 11.000 biztanle inguru dituen herri bateko alkateak 20.000 biztanleko herri batekoak bezalako soldata muga izan behar duenik". Azkoitia Baik ere soldata horiek gehiegizkoak direla salatu zuen. Liberatu kopurua ere gehiegizkoa iruditzen zaiola esan zuen Iraitz Otaño EH Bilduren bozeramaileak. "Bat izan ezik, gobernuko gainontzeko kide guztiak liberatu dituzue, baita PSE-EEko zinegotzia ere. Astakeria bat iruditzen zaigu, Azkoitiak ez ditu hainbeste liberatu behar". Horri erantzunez, Azkoitia zinegotziak esan zuen liberatu gutxi edo asko izatea "erlatiboa" dela, eta beraiek kopuru hori beharrezkoa dela uste dutela. EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin atera zen aurrera proposamena; EH Bilduk eta Azkoitia Baik aurka bozkatu zuten.
Horrekin batera, behin-behineko lanpostuen kopurua, ezaugarriak eta ordainsariak erabaki zituzten. Alkatearen idazkaria eta komunikazio arduraduna konfiantzazko kargu egin dituzte, %100eko dedikazioarekin, eta urtean 35.675,50 euro jasoko ditu haietako bakoitzak. EH Bilduk horren aurka bozkatu zuen, eta gainerako hiru alderdiek aldeko boza eman zuten.
Udalak ordezkaritza duen erakundeak
Bestalde, Azkoitiko Udalak ordezkaritza duen erakundeetarako kideak ere zehaztu zituzten atzokoan. Zubiaurre kiroldegia (EAJk lau ordezkari, EH Bilduk hiru, PSE-EEk eta Azkoitia Baik bana), San Jose Fundazioa (EAJk lau ordezkari, EH Bilduk hiru, PSE-EEk eta Azkoitia Baik bana), Iraurgi Berritzen (alkateaz gain, talde banatako ordezkari bat), Antonio Oteiza Fundazioa (alkateaz gain, EAJtik hiru ordezkari eta EH Bildutik bi), Urolako Industrialea, Xabier Munibe, Azkoitia BHI, Ingurugiro Etxea Fundazioa, Ur Partzuergoa eta Urkome (EAJko ordezkari bat). Aho batez onartu zituzten guztiek izendapenak. Mankomunitaterako hiru bozkatuenak, berriz, Ana Azkoitia (EAJ), Javier Zubizarreta (EAJ) eta Laida Beristain (EH Bildu) izan ziren.
Udal taldeen bozeramaileak ere zehaztu zituzten atzoko saioan. EAJ alderdikoa Marijose Arregi izango da, EH Bildukoa Iraitz Otaño, PSE-EEkoa Janire Igoa eta Azkoitia Bai herri plataformakoa Jose Joakin Etxaniz.
Orain arte bezala, udalbatzarrak hileko azken asteazkenetan egingo dituzte –abuztuan eta abenduan izan ezik–, 19:00etan. Asteazken hori jaieguna izanez gero, aurreko edo hurrengo lanegunean egin erabakiko dute aurreko osoko bilkuran.