EAJk eta PSE-EEk koalizio gobernua osatuko dute datozen lau urteetan Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 24a

Gaur goizean sinatu dute akordioa Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak eta Janire Igoa PSE-EEko zinegotziak. Bi aldeen esanetan, "egonkortasuna bermatzeko" sinatu dute hitzarmena, "herriak dituen erronkei aurre egiteko eta proiektuak gauzatu ahal izateko". Akordioa tarteko, Igoa Gizarte Ongizate Saileko batzordeburua izango da.

Janire Igoa PSE-EEko zinegotzia eta Javier Zubizarreta alkatea. (Azkoitiko Udala)

Azkoitiko Udaleko EAJk eta PSE-EEk koalizio gobernua osatzeko akordioa erdietsi dute. Gaur goizean sinatu dute akordioa Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak eta Janire Igoa PSE-EEko zinegotziak. Bi aldeen esanetan, "egonkortasuna bermatzeko" sinatu dute hitzarmena, "herriak dituen erronkei aurre egiteko eta proiektuak gauzatu ahal izateko".

Horiek azaldu duenez, hainbat bilera egin dute Udal Gobernua koalizioan osatzeko, eta eta akordio "pragmatikoa" dela esan dute, "babes ezagatik erabakigarriak diren proiektuak bertan behera geratzeko arriskua saihesteko" egindakoa. Datozen lau urteetan, beraz, bi alderdiek elkarrekin jardungo dute, eta Janire Igoa izango da Gizarte Ongizate Saileko batzordeburua.

Dena den, Igoaren zein gainerako batzordeburuen izendapenak datorren asteazkenean, ekainak 26, egingo duten udalbatzarrean onartuko dituzte.

Joan zen maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan EAJk irabazi zituen hauteskundeak, baina azken agintaldian izandako gehiengo osoa galdu zuen. Jeltzaleek zortzi zinegotzi lortu zituzten –aurreko agintaldian bederatzi izan zituen–, EH Bilduk zazpi eta PSE-EEk nahiz Azkoitia Baik bana.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide