San Joan egunari dantzan eman diote ongietorria azkoitiarrek

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 24a

San Joan bezperako festari hasiera emateko, Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolako eta Floreaga Ikastetxeko Kandiola eta Bizkargi dantza taldeetako ikasleek dantza emanaldia egin zuten, atzo, igandea, Balda plazan. San Joan bezperako ekintzen artean ohikoa da ikasleen emanaldia, eta urteko egunik luzeena baliatu zuten hainbat dantza herritarrei erakusteko.

Gauean, San Joan egunari ongietorria emateko, Anaitasuna Kakute Xake Taldeko eta Iraurgi Abesbatzako kideek sua piztu zuten, Azkoitiko Udalak euren 40 urteko ibilbidean egindako lan boluntarioa eskertu nahi izan dielako. Bi taldeetako ordezkariek hartu zituzten sua pizteko zuziak, Javier Zubizarreta alkatearekin eta Sonia Vazquez Kultura zinegotziarekin batera.

Sua piztu ondoren, Azkoitiko Musika Bandak, Iraurgi abesbatzak eta parrokiko abesbatzak Azkoitia abestia eskaini zuten. Horren ondoren, beste hainbat kanta ere jo zituzten. Sua baretutakoan, berriz, Sahatsa dantza taldeak bete zuen plaza. San Joan zortzikoaAgurra eta fandango bat dantzatu zituzten. Bukatzeko, Bizkargi musika eta dantza eskolak antolatuta, Zatoz dantzara, Balda Plazara erromeria izan zen, Aitor Sorazuren gidaritzapean.

Hona hemen San Joan bezperako argazki bilduma:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide