Antonio Oteizaren lanen erakusketa zabalik da Etxe Beltzen

Maxixatzen.eus 2019ko ekainaren 21a

Atzo arratsaldean zabaldu zuten Antonio Oteizaren lanen erakusketa Azkoitiko Etxe Beltzeko erakusketa aretoan, eta bertan izan zen sortzaile azkoitiarra. Oteiza "pozik eta zoriontsu" agertu zen erakusketaren irekiera ekitaldian. Azkoitira iristean Izarraitzen gaztetan pasatutako uneen oroitzapenak gogora etorri zitzaizkiola azaldu zuen hark, Azkoitiak "bihotzean gordeta dituen esentzia intimoenak eta kuttunenak esnatzen" dizkiola adieraztearekin batera.

Antonio Oteiza fundazioak hamaika ekitaldi antolatu du artista azkoitiarra omentzeko, eta atzoko erakusketaren irekiera izan zen horietako bat. Han izan ziren, besteak beste, Oteizaren gertukoak eta Udal ordezkariak. Sonia Vazquez zinegotziak azaldu zuenez, "ohorea" da Oteiza aurkezpen ekitaldian Azkoitian izatea.

Erakusketa hilaren 30era arte egongo da zabalik, eta Azkoitian gordeta dituztenak dira bertan ikus daitezkeen lanak; hain zuzen ere, Oteiza Fundazioaren, Euskal Herriko Adiskideen Elkartearen nahiz Catalina de Erausoren lanak daude ikusgai. Ez da, baina, haren lanen erakusketa jartzen duten lehen aldia; izan ere, 2008. urtea egin zuten aurrena, eta hamaika urtera jarri dituzte azk0itiarraren lanak ikusgai bigarrenez.

Erakusketa astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara izango da zabalik; larunbatetan eta igandeetan, berriz, goizez eta arratsaldez irekiko dute, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Gaur jarraituko dute Oteizaren bueltan antolatutako ekitaldiekin; Edorta Kortadi arte kritikoak Antonio Oteizari buruzko hitzaldia emango du Etxe Beltzen 19:00etan hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide