Txapelak urra dezala bidea

Ane Olaizola 2019ko ekainaren 21a

Gipuzkoako Herriarteko Gomazko Pala Txapelketaren finala jokatuko dute Azkoitiko pilotariek etzi Tolosakoen kontra, Donostiako Altza auzoko frontoian.

Gipuzkoako Herriarteko Eskuzko Txapelketaren palmaresean Azkoitia dago buru, hango pilotariek hamasei aldiz jantzi baitute txapela. Frontoiak ikur dira pilotarien sehaskan, baina esku pilotaz gain, bada herriko pilotalekuetan gero eta gehiago praktikatzen den modalitate bat: pala. Lagunarteko saioetatik haratago, txapelketetan ere murgildu dira Azkoitiko palistak, eta gero eta maila altuagoa erakusten dute horiek, gainera. Federatutako lau kirolari dira Iker Epelde, Jokin Aizpuru, Igor Juaristi eta Markos Azpiroz. Azkoitiarrek gertu dute lehendabizikoz jantz dezaketen Herriarteko gomazko pala lehiako txapela.

Azkoitiko palistek etzi jokatuko dute Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala Tolosakoen aurka, Donostiako Altza auzoko pilotalekuan, 11:00etan hasita. Duela hilabete eta erdi hasi zuten txapelketa Gipuzkoako hamasei udalerrik, eta ordutik, sei partida jokatu eta hiru herri atzean utzi ditu Azkoitiak. "Behetik gora joan gara taldean sinesten. Gogotsu hasi genuen txapelketa, eta partidaz partida gero eta hobeto eta animo gehiagorekin sentitu gara", dio Juaristik. Herriartekoa hasterako finala urrun sumatzen bazuten ere, atarian dituzte dagoeneko azken norgehiagokak, eta ilusioz beteta aterako dira azkoitiarrak kantxara: "Herria ordezkatuko dugu, eta horrek are gehiago motibatzen gaitu. Ikusle gutxirekin jokatzera ohituta gaude, eta jendea etorriko den aitzakiarekin, ilusioz gainezka gaude", azaldu du Aizpuruk.

Hiru modalitatetan

Palistak binaka lehiatzen dira urte osoan zehar jokatzen dituzten txapelketetan, baina Herriartekoak badu berezitasunik; izan ere, kirolariek binaka, banaka frontoi osoan eta banaka zazpi koadrotan jokatzen dituzte lehiako hiru partidak. Hain zuzen ere, txapelketaren ezaugarri horrek "zaildu" egiten die taldea osatzea: "Banakako partidak zeharo desberdinak dira, ohitu gabe gaudelako modalitate horretan jokatzera. Hortaz, txapelketa hasi baino aste batzuk lehenago prestatzen hasten gara, eta horrela jakiten dugu nor den egokiena bakarka, zazpi koadroren barruan edota binaka lehiatzeko", esan du Epeldek. Aurten, orain arteko partidetan behintzat, bera izan da frontoi osoan bakarka lehiatu dena; Azpirozek, berriz, zazpi koadrotan jokatu ditu partidak; eta Juaristik eta Aizpuruk binaka. "Txapelketaren hasieran erabaki genuen modu horretan izan gintezkeela lehiakorrenak".

Gertukoak dituzte Tolosako palistak, behin baino gehiagotan jokatu baitute horiekin. Eta argi diote: "Oso onak dira". Finalaren aurreikuspena egitea, ordea, zaila egiten zaie azkoitiarrei. "Modalitate bereziak jokatzen ditugunez, ezusteko asko egon daitezke finalean". Arerioek ez ezik, frontoiak ere eragiten du partidetan, eta Altzako frontoia ere aski ezaguna dute Oteiza elkarteko kideek. Zentzu horretan, bizipen kontrajarriak dituzte herriko palistek: "Asko ibili gara frontoi horretan, eta han igo ginen hirugarren mailatik bigarrenera", dio Epeldek; "nik, berriz, ez ditut partida asko irabazi han, baina tira, estatistikak hausteko daude", erantzun du Juaristik.

Herriartekoa, erakusleiho

Palisten arabera, Gipuzkoan maila altua dago palan. Azkoitian ere kirol ezaguna da, lagunartean jokatzeko, batez ere. Aisialdiko jarduera, ordea, lehiarako kirol bihurtzen denean, haren hedapena gizartean galdu egiten dela azpimarratu dute. "Jendeak ez du pala txapelketen berri izaten. Txapelketa hau baino partida garrantzitsuagoak jokatu ditugu, baina Herriartekoak eman digu ikusgarritasuna". Horretan urteak badaramatzate ere, askok orain jakin dute lau lagunek palaz jokatzen dutela. Palistentzat erakusleihoa izan da Herriarteko txapelketa, eta horrek bide bat izan dezan nahi dute: "Izugarria litzateke Azkoitiak palan izena hartzea, eta horrenbestez, jende gehiagok kirol horretan lehiatzeko pausoa ematea; batez ere, emakumeek", dio Epeldek.

Txapela jantzi ala ez, bide berria zabaltzeko prest daude Azkoitiko palistak, frontoia haien arteko lehiaren erakustoki ere izan dadin.

Gaur, Azkoitia eta Azpeitiaren arteko finalaurrekoa

Gipuzkoako Herriarteko eskuzko txapelketaren finalerdietako itzuliko partidak jokatuko dituzte Azkoitiak eta Azpeitiak gaur, 22:00etan, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Ilunpeko pilotariek puntu bateko abantailarekin hartuko dituzte Oteiza elkarteko kideak, joan zen astean 1-2ko emaitzarekin amaitu baitzituzten joaneko norgehigokak.

Hain zuzen ere, joan zen astean azpeitiarrek egin zuten moduan, autobus zerbitzua prestatu dute herrikideak animatzera joateko. Azkoitiko Udalak doako joan-etorria prestatu du biharko; Aizkibel liburutegi ondoko geltokitik abiatuko da autobusa, eta 21:00etan eta 21:30ean egingo ditu irteerak. Zerbitzua erabili nahi duten herritarrek ordurako geltokira agertzea besterik ez dute izango, aurrez izena eman gabe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide