Otaba jaiak ospatuko dituzte asteburuan Elosuan eta Aittolan

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 17a

Zapatutik astelehenera bitartean ospatuko dituzte jaiak Elosuan; igandean, berriz, Aittola auzoan. Denetariko ekintzak izango dira bi auzoetan, hala nola mezak, trikiti emanaldiak, bertso saioak eta otorduak.

Aittolan Otaba jaiak, meza gurutzean. (Argazkia: Ibon Errazu)

Azkoitiko Elosua eta Aittola auzoetan Otaba festak ospatuko dituzte datorren asteburuan. Zapatutik astelehenera bitartean ekintza ugari izango da Elosuan, eta Aittolan, berriz, igandean ospatuko dituzte jaiak.

Elosuan zapatuko 09:00etan hasiko dira otabak, kanpai hotsekin eta txupinazoarekin. Gero, ibilaldia egingo dute, eta txangoko parte-hartzaileek errotazar, errotabarri eta troskazulo bisitatuko dituzte. Eguerdian herri bazkaria egingo dute, eta 16:30ean hasita, mus txapelketa. 20:30ean, berriz, bertso afaria izango da Aratz Igartzabal eta Iker Zubeldia bertsolariekin. Hara joan nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute, 688 920 086 telefono zenbakira deituta. Afalostean Lutxurdio eta Aitziber trikitilariak ariko dira giroa alaitzen.

Igandean jubilatuen eguna ospatuko dute Elosuan, eta besteak beste, pilota partidak, meza nahiz erretiratuen bazkaria egingo dituzte. 18:00etan, berriz, pentatloia izango da Elosuako plazan. Aratz Mugerza eta Luis Txapartegi ariko dira nor baino nor, bost proba egiten. Ondoren, Lutxurdioren eta Ansorregiren erromeria izango da, eta 22:00etan San Joan sua piztuko dute.

Astelehenean izango da Elosuko jaietako azken eguna, Otaba Txiki egunarekin. 12:00etan auzoko hildakoen aldeko meza izango da, eta 13:00etan Piskolabitx jolasa egingo dute; 15:00etan, berriz, auzo bazkaria izango da. 17:30ean jolasak izango dira, eta 19:00etan Laja II.arekin eta Lutxurdiorekin triki-poteoa. 21:00etan afaria egingo dute, eta afalostean erromeria izango da trikitilariekin.

Aittola auzoan, berriz, igandean ospatuko dituzte jaiak. 12:30ean meza izango da Gurutzean, eta ondoren pintxoak jateko aukera izango dute bertaratzen direnek. Gainera, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio bertsolarien saioa izango da, eta Izer eta Alabier trikitilariak ariko dira giroa alaitzen. 14:00etan, aldiz, bazkaria egingo dute Attola Zar jatetxean, eta segidan, bertso saioa eta erromeria izango dira, 21:00etara bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide