
Udal Gobernuak osatuko dituzte bihar, larunbata, udalerrietan, eta Azkoitiko EH Bilduk bere hausnarketa plazaratu du hango udala osatzeari dagokionez. Joan zen maiatzaren 26an EAJ alderdiak irabazi zituen Azkoitiko udal hauteskundeak, baina azken agintaldian izan duten gehiengo osoa galdu zuten jeltzaleek, eta beraz, datozen lau urteetarako "udal irekia, demokratikoagoa eta partze hartzailea osatzeko aukera" dagoela adierazi du koalizioak. "Batzordeetan eta udal bilkuretan politikaz hitz egingo den legealdi bat behar dugu, eta ez inposizioa ekarriko duen akordioa", esan du.
Udal Gobernu "ireki eta zabala" osatzearen aldeko deia egin du koalizioak, "akordio zabaletan" oinarritutako agintaldia izan dadin. "Elkarrizketetara irekita" dauden eta "herria hobetzeko borondatea" duten taldeak "bidean" izango dituela esan du koalizioak, eta gaineratu du Azkoitia Bairekin, PSE-EErekin eta EAJrekin "hitz egiten jarraitzeko prest" dagoela.
"Akordio zabalak osatzeko garaia"
Udal hauteskundeetan botoen %46,09 eskuratu zituen EAJk, eta beraz, 8 zinegotzi izango ditu datorren agintaldian, orain arte baino bat gutxiago. EH Bildu izan zen bigarren indarra Azkoitian, eta botoen %37,22 lortuta; horrenbestez, 7 ordezkari izango ditu udalean, orain arte baino bat gehiago. Atzetik, 465 botorekin, PSE-EE hirugarrena izan zen hauteskundeetan; Azkoitia Baik, berriz, 369 boto lortu zituen. Bi indar horiek zinegotzi bana izango dute udalean. Hori hala izanda, udal bozen irakurketa egin du EH Bilduk, eta honako hau adierazi du: "Herritar guztiok kontutan hartuko gaituen udal ireki bat osatzeko mezua helarazi digute hauteskundeek. Herritarroi kezkatzen gaituzten gaien inguruan akordio zabalak osatzeko garaia da; indarkeria matxistari aurre egiteko, pentsio duinak bermatzeko, Floreaga, San Martin eta beste auzokideen irisgarritasun arazoak konpontzeko, Elkargunearen inguruan aurrera begira zer egingo dugun herritarrok erabakitzeko aukera bermatuko digun udal irekia behar dugu".
Bihar, 10:00etan osatuko dute Azkoitiko Udala, udaletxean egingo duten osoko bilkuran. Herritarrak hara joatera gonbidatu ditu koalizioak.