Anaitasuna Kakute xake taldeak eta Iraurgi abesbatzak piztuko dute San Joan bezperako sua Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 13a

Anaitasuna Kakute xake taldeak eta Iraurgi abesbatzak piztuko dute aurtengo San Joan bezperako sua Azkoitian. Balda plazan izango da ekitaldia, 22:00etan hasita. Aurretik, baina, dantza eta musika ekitaldiak izango dira, giroa alaitzeko.

Anaitasuna Kakute eta Iraurgi abesbatzak 40. urtemuga dute aurten, eta Udalak erabaki du bi talde horiei aitortza egitea, beren ibilbidean egin duten "lan onagatik". Udalak Anaitasuna Kakute eta Iraurgi zoriondu ditu, Azkoitiaren "enbaxadore" direla aipatuta.

Jose Luis Fernandez Anaitasuna Kakute klubaren buruak "ilusioz" hartu du Udalaren gonbidapena: "Presidente gisa oso pozik nago. Jokalari guztiek gogor egin dute lan, eta ezin naiteke beraiez harroago egon". Iraurgi abesbatzako lehendakari Itziar Izagirrek, berriz, sua piztea "ohore handia" dela aitortu du: "Esan zigutenenean emozio handia sentitu genuen. Udala gure 40. urteurrenarekin gogoratzea eta San Juan sua pizteko aukera ematea ahaztezinak dira guretzat".

Udalak esan duenez, bi taldeek "soberan" dituzte sua pizteko merituak. Izan ere, xake taldea Preferente Mailara igo da aurten eta Iraurgi abesbatzak Festival Internazionale Verona Garda jaialdian parte hartuko du uztailean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide