Azkoitiko Udalak herrian izandako eraso matxista salatu du

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 13a

Atzo, asteazkena, 31 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Azkoitian, bikotekidea erasotzeagatik. Udalak "gogor" salatu du gertaera, eta biktimaren esku jarri ditu bere baliabideak. Gertaera salatzeko, elkarretaratzea izango da gaur, 19:00etan, plazan.

Asteartean Azkoitian gertatu zen indarkeria matxista kasua –31 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak bikotekidea erasotzeagatik– "gogor" salatu du Azkoitiko Udalak. Erakundeak "gaitzespenik irmoena" adierazi du emakumeen kontrako indarkeria adierazpen ororen aurrean.  Gainera, udalak babesa eskaini dio biktimari eta haren esku jarri ditu erakundeak bere baliabideak.

Azkoitiko EH Bilduk eta PSE-EEk ere gaitzetsi dute eraso matxista. EH Bilduk gertakaria "erabat" gaitzetsi du. Koalizioak azaldu du ez Azkoitian, ez inon ez dituztela onartzeko gisa horretako erasoak, eta erasoa jasan duen emakumeari "babes osoa" adierazi dio.

Azkoitiko PSE-EEk ere eraso matxista salatu du. Erasoa jasan zuen emakumeari eta haren familiari elkartasuna adierazi dio alderdiak, eta Azkoitiko Udalari eskatu dio emakumeari erakundeak dituen baliabideak eskaintzeko.

Janire Igoa PSE-EEren Azkoitiko Udaleko zinegotziak alderdi politikoei, erakundeei eta gizarteari esan die indarkeria matxistaren gaitz sozialari elkarrekin egin behar diotela aurre. Izan ere, hark adierazi duenez, 2003az geroztik mila emakume erahil dituzte Espainian. Igoaren arabera, "dramatikoa" da biktimen kopurua, eta horren aurrean "egoera kriminalarekin" bukatzeko gizarteak erreakzionatzeko beharra duela azpimarratu du.

Era berean, erasoa jazo zenean Ertzaintzara deitu zuten bizilagunei "zorionak" eman dizkie: "Zoritxarrez badira emakumeen aurkako indarkeria egoerak onartzen, justifikatzen eta ezkutatzen dituzten pertsonak. Baina Azkoitiko bizilagunen jarrera eredugarria izan zen, haien deiari esker erasoa eten egin zelako eta ustezko erasotzailea atxilotu egin zutelako".

Igoak babesa agertu die indarkeria jasaten duten emakumeei, eta gainera, emakumeek indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea dutela aldarrikatu du.

Elkarretaratzea, gaur

Sostenipe talde feministak deituta, gaur, osteguna, elkarretaratazea egingo dute Azkoitiko plazan, 19:00etan. Talde feministak "ozen" esan du emakume bat erasotzen duten bakoitzean emakume "guztiak" izango dituztela erasotzaileek aurrean. Herritarrei biharko elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dio Sostenipek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide