Bikotekidea erasotzea leporatuta, Ertzaintzak 31 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, asteartea, Azkoitiko Alde Zaharreko etxebizitza batean. Indarkeria matxista delitua egotzita atxilotu zuten gizona 15:00 aldean, Ertzaintzaren arabera, bikotekidea adin txikiko semearen aurrean jo eta iraindu zuelako.
Ertzaintzak azaldu duenez, bizilagunek oihuak entzun zituztelako deitu zioten poliziari, eta gertaeraren tokira joanda erasoa gertatu zela eta gizonak bikotekidea jo zuela baieztatu zuen Ertzaintzak. Polizia iturrien arabera, gizonak muturrekoa eman zion emakumeari eztabaidan ari zirela, eta iraindu ere egin zuen. Atxilotutako gizona gaur igaro da epailearen aurretik.
EH Bilduren eta PSE-EEren salaketak
Azkoitiko EH Bilduk gertakaria "erabat" gaitzetsi du. Koalizioak azaldu du ez Azkoitian, ez inon ez dituztela onartzeko gisa horretako erasoak, eta erasoa jasan duen emakumeari "babes osoa" adierazi dio.
Azkoitiko PSE-EEk ere eraso matxista salatu du. Erasoa jasan zuen emakumeari eta haren familiari elkartasuna adierazi dio alderdiak, eta Azkoitiko Udalari eskatu dio emakumeari erakundeak dituen baliabideak eskaintzeko.
Janire Igoa PSE-EEren Azkoitiko Udaleko zinegotziak alderdi politikoei, erakundeei eta gizarteari esan die indarkeria matxistaren gaitz sozialari elkarrekin egin behar diotela aurre. Izan ere, hark adierazi duenez, 2003az geroztik mila emakume erahil dituzte Espainian. Igoaren arabera, "dramatikoa" da biktimen kopurua, eta horren aurrean "egoera kriminalarekin" bukatzeko gizarteak erreakzionatzeko beharra duela azpimarratu du.
Era berean, erasoa jazo zenean Ertzaintzara deitu zuten bizilagunei "zorionak" eman dizkie: "Zoritxarrez badira emakumeen aurkako indarkeria egoerak onartzen, justifikatzen eta ezkutatzen dituzten pertsonak. Baina Azkoitiko bizilagunen jarrera eredugarria izan zen, haien deiari esker erasoa eten egin zelako eta ustezko erasotzailea atxilotu egin zutelako".
Igoak babesa agertu die indarkeria jasaten duten emakumeei, eta gainera, emakumeek indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea dutela aldarrikatu du.