Izibene Oñederra azkoitiarraren 'Lursaguak' film laburra aukeratu dute Kimuak katalogorako

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 12a

Kimuak programaren 22. edizioan zazpi film aukeratu ditu epaimahaiak, eta tartean, Izibene Oñederraren 'Lursaguak' animaziozko filma dago. Aurreko edizioetan ere parte hartu izan du azkoitiarrak, 'Hotzanak' eta 'Hezurbeltzak' filmekin, besteak beste.

Izibene Oñederra azkoitiarraren 'Lursaguak' filmeko irudi bat.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez, eta Euskadiko Filmategia Fundazioaren laguntzarekin antolatutako film laburren katalogoa da Kimuak; aurtengoa 22. edizioa da, eta Izibene Oñederra azkoitiarraren Lursaguak animazioko film laburra aukeratu dute beste hainbat lanean artean. Oñederrak "poza" eta "lasaitasuna" hartu du bere lana katalogoaren parte dela jakitean, hark dioenez, filma banatzerako orduan "laguntza handia" baita Kimuak programan parte hartzea.

Lursaguak filmak Hélène Cixous frantziarraren esan bat du oinarrian. Izan ere, honako hau zioen hark: "Inoiz ezagutu ez den espezieko milioika lursagu, milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala, birrintzen ari diren garai horretantxe bizi gara". Esan horretan oinarrituta ondu du azkoitiarrak bere filma.

Oñederraren filmak lehenagotik ere aukeratu izan dituzte Kimuak programarako; 2007. urteko edizioan azkoitiarraren Hezurbeltzak filma aukeratu zuten, 2013. urtean, berriz, Hotzanak filma hautatu zuten, eta horrez gain, Kimuaken izan diren beste hainbat film laburretan ere parte hartu du Oñederrak, Beti bezperako koplak lan kolektiboan, adibidez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide