Azkoitiko Udalak bukatu ditu parke estalia egiteko obrak Gaztanenea eraikinaren ondoan. Atzo, astelehena, zabaldu zuten jolas parkea herritarrentzat, baina gaur inauguratu dute azpiegitura berria Javier Zubizarreta, Ana Azkoitia eta Miguel Angel Bastida jarduneko alkateak eta zinegotziek, dozenaka ume han jolasten zeuden bitartean.
Herriko hiru ikastetxetako ikasleek hala aukeratu bezala, egurrezkoa da egin duten parkea, eta adin tarte desberdinetako umeek jolas dezaten, hainbat eremu ditu. Horrez gain, beste eremu bat behar bereziak dituztenentzako egokitu dute. Urbabil enpresa arduratu da lanez joan den apirilaz geroztik, enpresak orduan hasi baitzituen parke estalia egiteko obrak. Guztira, 149.374 euroko aurrekontua izan du proiektuak.
Eztabaida luzeko proiektua
Azken urteetan soka luzea izan du Azkoitiko parke estaliaren proiektuak, eta batez ere haren kokalekuak eragin du eztabaida herritarren eta udaleko alderdi politikoen artean. Izan ere, 2011-2015– Bilduk izan zuen alkatetza– agintaldian parte hartze prozesu baten bidez erabaki zuten parke estalia Trenbidearen Zumardia kaleko gunean eraikitzea. 2018an, ordea, EAJren Udal Gobernuak ebatzi zuen Gaztaneneako parke ondoko eremua zela horretarako gune egokiena, eta erabaki horrek hainbat desadostasun eragin zituen Udal Gobernuaren eta oposizioaren artean. Kokalekua ez, baina azkenean HH5 eta LH1,2,3 eta 4 mailetako umeek hiru proposamenen artean aukeratu ahal izan zuten nolako haur parkea eduki nahi zuten.