Ibaiaren kutsaduraz ohartarazteko, jendaurrean jarri dute hango zaborra

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 11

Eizagirre, Alberdi eta Aldalur, jasotako hondakinen aurrean. (Ane Olaizola)

Goiz bakar batean Urola ibaitik ateratako zaborra erakusgai jarri dute Iñaki Eizagirre, Gorka Alberdi eta Aitor Aldalur herritarrek Azkoitiko eliza atarian. Azkoitiko Julio Urkixo kalean zegoen Lidl saltokiaren eta Juin Txiki industrialdearen atzealdetik igarotzen den ibai zatietatik atera zituzten hondakinak duela hiru aste, eta horiek ostiralera bitartean egongo dira jendaurrean. Helburua argia da: "Ibaietan pilatzen den zaborraz eta horrek sortzen duen arazoaz herritarrek kontzientzia hartzea". 

Hiru lagunen arabera, Azkoitiko bi gune horiek "puntu beltzak" dira ibaien kutsadurari dagokionez. "200 metro besterik ez dira, baina garbi dago gune horietan herritarrek zuzenean botatzen dituztela hondakinak ibaira, kalean gertatzen ez den bezala". Plastikozko botilak, tetabrikak, zabor poltsak eta beste hamaika hondakinen lagin bat ikus daiteke eliza atarian, eta horren aurrean, beharrezkotzat jo dute "herritarren jarrera desegokia kontrolatzeko" neurriak martxan jartzea. Bide horretan, Lidl zaharraren eta Juin Txiki industrialdearen atzean segurtasun kamerak edota informazio panelak jartzea aipatu dute herritar horiek.

Neurri zehatzak eta baliabide gehiago

Alberdiren arabera, duela 30 urte baino garbiago daude egun ibaiak, baina oraindik ere "hondakin pila bat" jasotzen dituztela salatu du ekologistak. Egoera, gainera, "orokorra" dela azpimarratu du herritarrak, eta "astakeriatzat" jo du ibai garbiketetan urtero jaso ohi den zabor kopurua. Hori hala izanik, hiru herritarrek ezinbestekotzat jo dute erakundeen esku-hartzea, eta Azkoitiko eta inguruko udalekin elkarlanean jarraitzea eta sustatzea dute xede horiek, erakundeek neurri eta baliabide zehatzak martxan jar ditzaten.

Hain zuzen ere, Azkoitiko Udalarekin hasitako "elkarlanaren" ondorioz, otsailean 172 metro sareta jarri zuten herriko ibai ondoko hainbat barandatan, eta horrek ibaiko kutsadura arintzen lagundu duela uste dute gaur agerraldia eskaini dutenek. Ordea, oraindik ibai ertzean hondakinak ikus daitezkeela esan dute ekologistek, eta beraz, sareta baranda denetan jartzea proposatu diote udalari.

"Guztien ardura"

Horrez gain, Zumaia eta Deba arteko harraldea hondakinez beteta ikus zitekeen iazko iraileko irudiak ekarri dituzte gogora hiru herritarrek. "Guztiok asaldatu ginduen irudi hark, eta ondoren egin zuten garbiketan 3.000 kilo zabor jaso zituzten". Hondakin horietako asko Urola ibaitik iritsitakoak zirela adierazi dute, eta oraindik orain ailegatzen dela gaineratu du. Horren aurrean, ibaiak txukun mantentzea "guztien ardura" dela azpimarratu dute Eizagirrek, Alberdik eta Aldalurrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide