Imanol Aleson azkoitiarrak Chartreuse Terminorum proba irabazi eta marka ondu du

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 10a

Ezohiko lasterketa jokatu dute asteburuan Frantzian; korrikalariek 25.000 metro positiboa duen 300 kilometroko ibilbideari egin behar diote aurre, eta lasterketan gehien irauten duen korrikalariak irabazten du proba. 48 ordutan 200 kilometro inguru eginda, azkoitiarra izan da garaile, eta errekor berria ezarri du.

Chartreuse Terminorum lasterketa jokatu dute asteburuan Frantziako Saint Pierre de Chartreuse herrian, eta Imanol Aleson korrikalari azkoitiarra gailendu da proban. Alesonek 200 kilometro inguru egin ditu 48 ordu eta 44 minututan, 15.000 metro positiboko bidea osatuta. Horrenbestez, orain arteko marka ondu du azkoitiarrak.

Ezohiko mendi lasterketa da asteburuan Frantzian jokatu dutena. Izan ere, lasterketan gehien irauten duen korrikalariak irabazten du proba. Korrikalariek 25.000 metro positiboa duen 300 kilometroko ibilbideari egin behar diote aurre, eta horiek 80 ordu baino gutxiagotan osatu behar dute proba. Ibilbide zirkularra du lasterketak, eta korrikalariek bost itzuli egin behar dizkiote 60 kilometroko bideari. Hori gutxi ez, eta seinalerik gabeko ibilbidea da Chartreuse Terminorum lasterketak duena, eta parte hartzaileek soilik iparrorratz eta mapa bana dute lagun. Lasterketan zehar, gainera, korrika ez ezik ezkutuan dauden hamaulau liburu aurkitu eta horien orriak batu behar izaten dituzte.

40 korrikalarik hasi zuten lasterketa ostiralean, baina hurrengo egunean soilik lau parte hartzailek jarraitu zuten korrikan. Aleson eta Barranger korrikalariaren artean egon zen garaipenaren norgehiagoka, baina frantziarrak uko egin zion laugarren bira egiten hasteari. Azkoitiarrak beste hamabi kilometro egin zituen, eta hark ezarri zuen marka berria, hiru bira eginda eta liburu bat lortuta. Orain arte, bi biretan zegoen ezarrita errekorra.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide