Xapateroren omenaldiak eta emakumeen finalak giro ederra jarri dute Azkoitiko V. Pelotai Eunean

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 8a

V. Pelotai Eune ari dira ospatzen gaur Azkoitian, eta Karlos Arrizabalaga 'Xapatero' omendu dute aurtengo edizioan. Nesken Pilota Txapelketa Leire Martinek eta Eneritz Garatek irabazi dute, iaz bezala. Aurten, ez da mutilen finalik jokatu. Arratsaldean ere jarraituko du festak.

Polemikak polemika, eguraldi paregabearekin eta giro apartarekin ari dira ospatzen Azkoitiko V. Pelotai Eune. Pilotarien kalejirarekin, txistulariekin eta erraldoi nahiz buruhandiekin hasi dute eguna, eta eguerdi partean, Nesken Pilota Txapelketako partiden txanda izan da. Lehia estua izan da finalean, 22 eta 21 bukatu baita partida, eta giro bikaina nagusitu da Kontzejupean. Azkenean, Leire Martin eta Eneritz Garate nagusitu dira, iazko irabazle berberak.

Aurten, izan du berezitasun bat Pelotai Eunek: ez da Mutilen Pilota Txapelketako finalik jokatu. Izan ere, bertan behera utzi zuen egunaren antolakuntza taldeak, gizon pilotarien Whatsapp taldean emakumeei egindako irainengatik. Gainontzean, normaltasun osoz ari dira ospatzen Azkoitian pilotari gorazarre egitea helburu duen eguna.

Emakumeen finalaren eta sari banaketaren ostean, omenaldien ordua iritsi da. Azkoitiko pilotari ohiei aitortza egin diote Kontzejupean, eta Karlos Arrizabalaga Xapaterok bota du aurtengo pilotakada. Txulue taldeak antolatu ohi du Pelotai Eune, eta haren ordezkari batek gogorarazi du zein den Arrizabalaga. 17 urterekin hasi zen pilotan, eta Azkoitiarekin, hamar Herriarteko Txapelketa irabazitakoa da. Horrez gain, Azkoitiko Beti Poz pilota elkartean hemezortzi urtez ibili zen lanean, eta hainbat txapelketa antolatu zuen. "Lan mordo bat egindakoa da, eta eskerrak eman nahi dizkiogu", azaldu dute. Segidan, oroigarri bat eta lore sorta eman dizkiote Arrizabalagari, agurra dantzatu diote, eta Julene Iturbe bertsolariak bi bertso abestu dizkio. 

Arratsaldean gehiago

Emakumeen txapelketako sari banaketa bukatzean, lagun arteko pilota partida izan da Kontzejupean bertan: Epelde eta Zendoia azkoitiarrek Iurgi azpeitiarraren eta Uzkudun errezildarraren aurka jokatuko dute. 14:30ean, berriz, bazkaria egin dute 260 bat lagunek Berdura Plazan.

Bazkalostean, Kaleazka saio herrikoia egingo dute Kontzejupean, eta segidan, Oteiza pilota eskolako gaztetxoen bi partida izango dira Kontzejupean. Ondoren, 19:00etan hasita, nesken pilota erakustaldia izango da: Arrieta eta Bikendi azkoitiarrek Orbegozo eta Badiola azpeitiarren kontra neurtuko dituzte indarrak. Haien neurketa bukatzean, berriz, mutilen partida bat izango da: Markelek eta Alexek Egigurenen eta Urbietaren aurka jokatuko dute.

Pelotai Eunean txosna ere jarri dute plazan, eta txorizo egosia dastatu ahal izango da bertan. Goizean jende ugari ibili da bertan, eta arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara izango da zabalik. Bestalde, Azkoitiko pilotari lotutako erakusketa ikusgai dago, Torre Zuri aretoan; gaur, egun osoan izango da aretoa irekita.

Hona hemen gaur Azkoitian hartutako irudiak:

[flickr_set id="72157708986091742"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide