Azkoitiko Andra Mari festetako film laburren lehiaketako oinarrien berri eman du gaur udalak. Edizio honetako gaia honakoa da: beldurra. Lanek, gehienez, hamabi minutuko iraupenena izan dezakete –hortik gorakoak lehiaketatik kanpo geratuko dira–, eta formatu digitalean aurkeztu beharko dira: DVD, CD edo edozein ordenagailu arruntek irakurriko duen formatuan. Film laburrak euskaraz egin beharko dira, eta gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasuna eta herritarren aniztasuna errespetatzen ez dituzten lanak ez dira onartuko.
16 urtetik gorako herritarrek parte har dezakete lehiaketan, eta lanek originalak eta inon saritu gabeak izan beharko dute. Txapelketan izena emateko epea ekainaren 17an zabalduko dute, eta uztailaren 5ean amaituko da. Film laburrak aurkezteko azken eguna, berriz, abuztuaren 7a izango da; Azkoitiko udaletxeko Kultura Sailean aurkeztu behar dira.
Bi sari izango dira parte hartzaileentzat: lehen sailkatuak 250 euro eta oroigarria jasoko ditu, eta ikusleentzat lanik onenak 150 euro eta oroigarria eskuratuko ditu. Hori bai, lehen saria lortzen duenak ezingo du ikuslearen saria jaso. Film laburren proiekzioa abuztuaren 15ean, 22:30ean, egingo dute, Azkoitiko plazan. Lehen saria epaimahaiak erabakiko du, eta bigarrena, herritarrek.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jende askok ematen badu izena, parte hartzaileekin bilera bat antolatuko dute zer neurri hartu erabakitzeko. Lehiaketara lau film labur baino gutxiago aurkezten badituzte, berriz, txapelketa bertan behera geldituko da. Gutxieneko kalitatea bermatzen duten lan guztiek 125 euroko dieta izango dute.