Kulturista

Joaquin Sol: "Beste batzuei laguntzera eraman nau kulturismoak"

Ihintza Elustondo 2019ko ekainaren 7a

2016an Espainiako txapelduna izan zen Sol, eta iaz zazpigarren postuan sailkatu zen Europako txapelketan. Azkoitian bizi da duela hamar urtetik, eta kulturista profesionala izatera iristea du helburu.

Joaquin Sol. (J. S.)

Telebistan edonork entzun edo ikusi du ziurrenik kulturismoaren inguruko zerbait, baina zer ezkutatzen du kirol horrek gorputz gihartsuen atzean? Joaquin Solek (Onda, Castello, Herrialde Katalanak, 1985) ahoan bilorik gabe hitz egin du gaiaz.

Noiz eta zergatik hasi zinen kulturismoa praktikatzen?

Txikia nintzenean, Conan Barbaroa filma ikusten nuen, eta asko harritzen ninduen pertsonaia haren gorputz gihartsuak. 14 urterekin, gimnasioan apuntatu nintzen, eta pixkanaka, gustatu egin zitzaidan. Gainera, 18-19 urte nituenean, dietetikako ikastaroak egin nituen, eta ikasitakoa praktikan jartzen hasi nintzen. Gaur arte, hogei urte daramatzat entrenatzen.

Kulturismotik bizi al zara?

Ez. Horretaz aparte, beste lanbide bat dut, eta biak uztartzen ditut. Orain, urtebeteko geldialdia egiten ari naiz kulturismoan; 2019an ez dut txapelketetan parte hartuko, eta nire itxura fisikoa hobetzeko lan egingo dut. Ondo irabazi nahi dut bolumena, hurrengo urtean, gutxi gorabehera, profesionalen maila eduki ahal izateko. Profesional izatera iristea da nire helburua.

Kulturismoa zure ogibide bilakatzea nahiko zenuke?

Ez. Orain amateur kategorian lehiatzen naiz, eta profesionala izango banintz, mundu guztiaren aurka lehiatzeko aukera izango nuke. Egun, mundu osoko kulturistekin lehiatzeko dudan aukera bakarra da mundiala jokatzera iristea, baina horretarako, Espainiako selekzioak aukeratu egin behar nau. Profesionala izanda, nahi duzun txapelketetan parte har dezakezu selekzioen beharrik gabe, eta gainera, diru gehiago irabazten duzu. Dena den, kulturismotik bizitzea lau lagunek lortzen dute; oso zaila da.

Nola antolatzen duzu urtea?

Urte guztian ez gara berdin egoten kulturistak. Orain gizentzen ari naiz, masa muskularra hartzeko, eta Gabonen ondoren, argaltzen hasiko naiz, lehiatzeko garaian izaten dudan gorputza izatera iristeko.

Nola entrenatzen zara?

Prestatzaile bat dut laguntzaile. Orain, astean bost aldiz entrenatzen dut gimnasioan, eta egunean gihar talde bat lantzen dut. Argaltzeko prozesua hasten dudanean, kardio ariketak egingo ditut egunero, eta astean bost-sei egunez gimnasioko ariketak.

Zer dieta egiten duzu?
Dieta ezberdina egiten dut gizentzeko edo argaltzeko sasoian, baina oro har, arroza, pasta, haragia, fruta, barazkiak, arraina... jaten dut. Horrez gain, gehigarriak hartzen ditut: aminoazidoak entrenatu aurretik, eta proteina batidoak ondoren. Gainera, hiru ordutik behin jaten dut beti. Oso dieta zorrotza jarraitzen dut urte osoan zehar, egunero.

Gabonetan ere salbuespenik ez?

Sasoiaren arabera. Argaltzen ari banaiz, ezin dut salbuespenik egin, baina gizentzen ari banaiz, egun batean dieta ez jarraitzeagatik ez da ezer gertatzen. Eraman izan dut Gabonetan tupperra etxetik hartuta afaltzeko. Baina urte pila bat daramatzat dieta hori jarraitzen, eta ez zait gogorra egiten. Zerbait lortu nahi badugu, beste gauza batzuk sakrifikatu behar dira; denean bezala.

Alkohola ere debekatuta?

Asteburu eguerdietan, agian, ardo kopa bat hartzen dut, baina berez, ez da nire dietan sartzen.

Giharrak ahalik eta gehien haztea al da helburua?

Bai. Zenbat eta altuagoa izan, orduan eta zabalagoa izan behar duzu atentzioa emateko. Zure aurkariak zabalagoak badira, ez dizute begiratu ere egingo.

Zer ematen dizu kulturismoak?

Neu prestatzeaz gain, beste pertsona batzuk ere prestatzen ditut, eta haien garapena ikusteak ematen dit pozik handiena. Adibidez, nigana jo zuen pertsona bati ebakuntza egin behar zioten; hiru urte eman ditu nirekin, eta medikuak esan dio erabat berrituta dagoela. Hori da niri kulturismoak ematen didana: pertsona bakoitzak izan dezakeen helburua bete duela ikustea. Nire helburua lehiatzea eta irabazten saiatzea da, baina badago jendea osasuna hobetzea nahi duena, edo gantza nahiz kolesterola jaistea. Nik emandako jarraibideekin helburu horiek bete dituztela ikusteak bete egiten nau.

Kulturismoa zabalago ulertzen duzu, beraz.

Kulturismoa zerbaitegatik borroka egiten duzun kirola da. Gustatu egin behar zaizu entrenatzea, eta niri gustatu egiten zait. Bost urte daramatzat lehiatzen, baina hogei daramatzat entrenatzen. Ez dut entrenatu izan eta ez dut entrenatzen lehiatzeko, gustatzen zaidalako baizik. Gustatu egiten zaizkit gorputzak. Nori ez zaio gustatzen gorputz polit bat? Helburuak jarri eta horiek lortzea da benetan betetzen nauena; izan ere, bidea oso gogorra da argaltzen ari zarenean; oso nekatuta egoten zara, eta lanera joan behar duzu. Eta bidearen amaieran zuk nahi duzuna lortzen duzula ikustea oso pozgarria da. Gainera, beste batzuei laguntzera eraman nau kulturismoak. Nik entrenatzen ditudan pertsonek ez dute kulturismoa egingo, baina kulturismoarekin zerikusia du dietak, ariketa egiteak... Ez dira kulturistak, baina kulturistek bezala lan egiten dute.

Kulturismoa, beraz, ez da lehia bakarrik. Bizitzeko modu bat al da?

Hori da, bizitzeko modu bat da.

Gorputz politak aipatu dituzu. Zer da gorputz polit bat?

Landutako gorputz bat, zaintzen dena. Emakumeen kasuan, emakumeen formak dituena, eta gizonetan, gihartsua. Gorputzak bere formak izatea gustatzen zait, ez kulturismoko edo lehiako muturreko forma horiek, baina bai triparik gabeko pertsona bat, gantza justua eta beharrezkoa duena, dena bere lekuan duena, bai gizon eta bai emakumeetan. Pisurik soberan ez izatea gustatzen zait. Jendea zaintzen denean antzeman egiten da kanpotik.

Osasunaz hitz egin duzu, baina kulturismoak ez du osasuntsua izateko famarik.

Maila profesionalean, nahi edo ez nahi, osasunarentzat onak ez diren gauzak hartu behar dituzu. Maila horretan egoteko beharrezkoa da substantziak hartzea; izan ere, aurkari denak Ferrari batekin badoaz, zuk ezin duzu Audi batekin joan. Begiratuko badizute, besteen mailan jarri behar duzu, eta hori ez da osasungarria. Baina hori ja muturreko txapelketetan gertatzen da. Badaude dopin kontrolak kategoria baxuagoetan, baina maila profesionalean, ez dute halako kontrolik egiten. Zergatik? Oso handiak izaten direlako gorputzak, eta horra iristeko, ez dagoelako beste modurik. Baina dirua egon ohi da jokoan; badago kulturismotik diru asko irabazten duen jendea.

Ondo iruditzen al zaizu substantzia horiek hartzea?

Ez nago ez alde eta ez kontra. Bakoitzak nahi duena egiten du bere bizitzarekin, eta nik errespetatzen dut. Ez dut esango gustatzen zaidanik eta ezta gustatzen ez zaidanik ere; izan ere, biharko egunean, profesionala izatea lortzen badut, ziurrenik baliatu beharko dut nik ere aukera hori. Ondokoari irabazi nahi badiot, hark hartzen duen gauza bera hartu beharko dut. Profesionala zarenean halakoak hartzea uler dezakegu, hortik bizi direlako batzuk. Baina 20-23 urteko gazteak ari dira halakoak hartzen, eta hori ez zait ondo iruditzen. Erregional mailako txapelketa bat irabazteko substantziak hartu behar badituzu, kirol hau ez da zuretzat. Horrek osasun arazoak eragiten ditu.

Zer substantzia izan ohi dira?

Gizonok testosterona sortzen dugu, eta horrek eragiten du gizona emakumea baino gihartsuagoa izatea. Horregatik, testosterona gehiago sartzen dute gorputzean, gehiago hazteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide